gorka julio
IRLEN SAREA

Esfera publikoaren zentsura pribatua

2021eko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Inoiz baino argiagoa da esfera publikoaren zentsura pribatua. Trump eta bere jarraitzaileak sare sozial ezagunenetatik bota dituzte, eta poztu gintezkeen. Baina apur bat gehiago sakonduz gero, epe luzeko dilema baten aurrean jartzen gaitu: esfera publiko bihurtu diren, baina kontrol pribatua duten zerbitzuek, noraino dute zentsura erabiltzeko zilegitasuna?

Bai, edozein web zerbitzutan bezala, sare sozial batean izena ematen duzunean, bere erabilera baimenak onartzen dituzu. Batzuek esango dute inork irakurtzen ez dituen (eta irakurri nahi izanez gero, orduak beharko liratekeen https://labur.eus/webzerbaldintzak) zerbitzu baldintzetan esaten dena betearazten dutela. Argi dago, ordea, araudi horiek ere interpretazio anitz eta kasuan kasukoak dituztela.

Bestetik, tamaina batetik aurreragoko zerbitzuek beste maila bateko kontsiderazioa izan beharko lukete, eta era horretako erabakiak ez lituzkete beraiek soilik hartu behar. Badirudi enpresa pribatuak izate soilak kutxa beltz bihurtzen dituela. Gutxi batzuek hartzen dituzte erabakiak, nahiz eta jende askori eragin.

Kasu zehatz honi begiratzen badiogu, jende gehiena egongo da Trump eta bere jarraitzaileak sare hauetatik botatzearekin ados. Norbaitek, nahi badu, Karl Popperren tolerantziaren paradoxa ekar dezake gogora, eta arrazoi izango luke akaso, baina sakonago noa, honek Interneten beraren erroan eragina duelako.

Gauzak azkar joan dira eta sare sozialetatik zenbait soslai botatzea baino gauza larriagoak gertatu dira egunotan. Parler aplikazioa (Trumpen jarraitzaileek erabilitakoa) Googleren Play Storetik eta Apple App Storetik atera dute. Duopolio horrek erabaki du, hemendik aurrera, haien zerbitzu baldintzetatik harago esango nuke, komunikazio tresna bat bidetik kendu dezakeela.

Amazonek oraindik pauso bat gehiago eman du eta azpiegiturari eragiten dion erabaki bat hartu du: aplikazio horrek, funtzionatu ahal izateko, bere AWS zerbitzuak erabiltzen dituenez, horiek eten dizkio, funtziona ez dezan.

Gustatu edo ez, erabaki horiek Interneten etorkizuna baldintzatuko dute. Trump pikutara bidaltzea pozgarria da, baina sistema sostengatzen dutenek ederki jarraitzen duten beren tokian bero, eta, bitartean, Big Tech oligopolioak botere politiko gehiago eskuratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.