gorka julio
IRLEN SAREA

Jarrai dezala esperimentuak

2022ko apirilaren 9a
00:00
Entzun

Geoposizionatutako lehen ekitaldietako bat, zuzeneko emankizun herritarra Internet bidez ezinezkoa zirudienean; kilometrokako jarraipena eta sare sozialen bidezko jarraipen herritarra, apenas lehen smartphoneak iritsi zirenean... Korrika komunikazio laborategi bat izan da, aitzindaria gauza askotan. Orain eitb.eus-ek Youtube bidez botatzen duen zuzeneko emanaldia arrakastatsua izaten ari da, milioika pertsonak ikusi dute gau eta egun.

 

Herritik jaiotako ekimenak kooperatiba forma hartu eta herri izateari utzi gabe eginiko bidea oso luzea izan da, baita arlo komunikatiboan ere. Erronka ez zen ziur makala izan hastapenetan ere, megafonia, bateriak, argazkiak, digitalizazioa... Aurretikoak baino digitalizaziotik haragokoak interesatzen zaizkit orain.

Gogoratzen dut oraindik geoposizioa gure sakelakotan ohikoa izatetik urrun zegoenean, Korrikaren saiakera hura, une oro non zegoen automatikoki adierazteko intentzioz egin zen ekimena. Gero etorriko ziren, kilometroz kilometro argazkiak eta testuak jasotzeko ekimena, eta baita sare sozialen bidez traol bateratu batekin ekiteko deialdiak, eta webgune bidez horiek jasotzeko saiakerak. Ikus-entzunezkoei lotuta, zuzeneko emisio honen aurrekariak ere egon ziren: guztia ez, baina zati batzuk zuzeneko emisioen bidez egitea lortu zuten.

Esperimentu horiek orain, telebista publikoaren laguntzaz, beste dimentsio bat lortu dute, eta behingoz, egun eta gau Korrika nondik eta nora doan ikusi dezakegu, baita etxeko sofatik ere. Ez dut inor entzun esanez, hori kalera ez ateratzeko aitzakia bihurtu daitekeenik, kontrakoa baita seguruenik, parte izateko arrazoi bat izan daiteke askorentzat.

Zuzeneko emisioa ez da horretan gelditu, horren gainean herritarrek esperimentuekin jarraitu dute, adibidez, Twitch-en. Ikusi ditut @arkkkuso eta @ekintaekin zuzeneko emisioa komentatzen, baita Game erauntsiko lagunak Korrikatik bertatik zuzenekoa egiten. Izugarria litzateke bukaerakoa ere plataforma horretan ere ikusi ahal izango bagenu pertsona ezberdinek egina.

Beharrak egin zuen Korrika, irrika sortzerainoko ekimen bilakatuz. Bidean ez dio inoiz esperimentu-bizi izateari utzi eta, horregatik beharbada, euskararekiko atxikimendu militantetik harago ere desiragarri bihurtu da. Jarrai dezala esperimentuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.