gorka julio
IRLEN SAREA

Eguneroko eszenak

2020ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Kalean bi neska saltoka, sakelako baten aurrean; bost ume sakelakoari begira eta helduek haienak mahai gainean; oparitu dioten sakelakoa konfiguratu ezinik dabilen agurea; autobusean memeak eztabaidatzen dituzten nerabeak; ohean sarturik, bi maitale beren sakelakoari begira; senideekin bideokonferentziaz ari den kale saltzailea...

Atari batean, ate bateko heldulekuan sakelakoan jarritako aplikazio batek markatzen zien koreografia dantzatzen ari ziren bi neska. Koreografia fintzen eta puntuak irabazten ari ziren bitartean, nik norbaitek barrutik atea ireki, eta sakelakoa apurtuko zitzaiela pentsatzen nuen soilik.

Parke baten ondoko taberna batean, 10 urte inguruko bost haur sakelakoekin jolasten ari ziren. Ondoan haien gurasoak, mahai baten bueltan, horietako bostek sakelakoa mahai gainean, eta noizbehinka begira ari dira. Beste bostek beren semeei utzi zizkieten edo haienak ziren ezin kendu burutik.

Agure bati oparitu berri zioten sakelakoaren konfigurazioa aldatu zitzaion. Bazarreko arduradunak sakelakoa begiratu, eta nahiz eta hiru pertsona itxaroten egon, dendaren atzera lagundu eta beste kide baten esku utzi zuen gizona. Hark bost minutuan egin eta azalpenak eman zizkion gizonari, lasai asko. Ordu laurden pasatu, zenbat ordaindu behar zuen galdetu, kobratu ez eta irribarre batekin erantzun zion bazarreko nagusiak. Mediamarkt dendan, konfigurazio zerbitzua euro batzuen truke edo sakelako berriarekin doan eskaintzen dizute; eta hori, nola promozionatuko dugu denok hori!

Meme gerra piztu da autobusean. Ze ona, ze txarra, hau zaharra da, begira beste hau. Son Gokuk Freezer akabatu zuen eguna edo Goenkaleko azkena patioan komentatzen genuen; ba antzeko. Bata bestearen ondoan, berotasuna sentitzen, konpainian, kanpoan gertatzen denari so sakelakoen bidez. Bata bestearen ondoan egoteak dakarrenaz jabetu gabe edo akaso jabetuta eta askitasun hori gozatuz. Edozein kasutan, ohera joateak beste zentzu bat hartu du; Kaixomaitia-ren inkesta irakurtzeko zain.

Kalean euria, tabernako mahai batean eserita eta merkantzia guztia mahaian jarrita dagoela, irribarrez bideokonferentziaz ari den kale saltzailea. Pozik? Familia ez kezkatzeko plantak egiten? Irribarrez, behintzat... Eguneroko eszenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.