gorka julio
IRLEN SAREA

M-Liburua

2021eko apirilaren 10a
00:00
Entzun
M-Liburua edo meta liburua, liburu totalarentzako euskarri multidimentsional berria da. Paperezko liburua, liburu digitala, audio liburua... Zergatik aukeratu? Zergatik ez denak batera? Zergatik ez hortik gaindi atera, mugak apurtuz? Artifiziozko euskarri berri horri buruzkoak dira lerro hauetan topatuko dituzunak.

Paperezko liburua irakurtzen ari zara, baina gaur etxean utzi duzu, eta trenean zoazela zure irakurketa jarraitzeko gogoa duzu orain. Orduan gogoratu zara, liburua erosi zenuenean liburu digitala ere bazekarrela horrek ere. Liburu elektronikoa atera, eta hortxe duzu irakurketa jarraitzeko moduan. Aplikazio bat ere bazekarren. Sakelakoan liburu digital irakurgailua ireki (gailu elektroniko berezitu bat behar ez izateko), liburu hori ahots sintetikoz irakurtzeko aukera eman dizu. Ondo datorkizu, trena geltokira iritsi da, eta kaskoak jantzita etxerako bidean jarraitzen duzu liburua, utzi zenuen tokitik.

Jakinarazpena iritsi zaizu orduan, bertan, egileak berak eginiko audio irakurketa bat duela esaten dizu. Galdetzen dizu ea nahiago duzun liburua ahots sintetikoz bainoago, bere egilearen ahotsarekin eginiko bertsioa entzun. Noski, baiezko da zure erantzuna, eta hortxe zaude zure egile gogokoenaren ahotsaz bere liburua entzuten etxera iritsi zarenerako.

Ardo bat ireki, eta paperezko liburua hartu duzu esku artean, eta gogoratu zara nola aplikazio berak, liburua irakurtzen ari zarela soinu banda bat proposatzen dizun, zerrenda baten moduan. Play eman, eta hor hasten da liburuaren sortzaileak musikari batzuekin batera eginiko musika gelan zehar entzuten.

Liburua bukatzear zaudela konturatzen zara zergatik sartu zinen liburua irakurtzera. Irakurle taldeak proposatu zizun, eta abisua jaso duzu sakelakoan: «Gogoratu bihar irakurle taldearen bilkura dugula X tokian Y orduan, baina, nahi izanez gero, http://zzz helbidean ere parte hartu ahal izango duzu. Bitartean, gogoratu egileari zuzeneko mezua bidaltzeko aukera baduzula, gure aplikazioaren bidez».

Liburuaren euskarri fisikotik, bere digitalizazio multidimentsional honetan esperimenta dezagun, zirriborroaketagero.net-eko lagunen gisan. Kapak gehituz eta integratuz, liburua gainditzeko, meta liburu bihurtzeko, liburu totalerako bidean edo liburu izateari uzteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.