Bestarako usain berriak
Bularreko angina sendatzeko sortu zuten, baina guztiz aldatu da popperraren erabilera. Harreman sexualak osatzeko hasi ziren hartzen 1970eko hamarkadako gizon homosexualak, eta horiei lotu zitzaien droga horren kontsumoa. Egun, zabaldu egin da erabilera, eta festa giroan arnasten hasi dira, gazteak bereziki.

Jendez lepo dago taberna. Troye Sivanen Rush abestia entzuten da hondoan. Goizaldeko bostak dira, eta izerdiaren eta alkoholaren arteko usainak giroa trinkotzen du. Sumatzen da, ordea, are sarkorragoa den kirats bat. Usain ufada batek hartu du lokala. «Pasa, pasa!», esan du zirkulu batean dantzan ari den gazte batek. Pote marroixka bat eman dio ondoan duen lagunak, azazkaletako laka baten tankerakoa. Hatz lodiaz tapatu du ontziaren ahoa, zerbaitek ihes eginen balu bezala edo. Sudur zulora eraman du segidan, hatza kendu eta sakon arnastuz, zulo batetik lehenengo eta bestetik ondoren. Hatza jarri dio berriro, eta ondoko lagunari pasatu. Has dadila besta.
Izan ere, droga arnasgarri lurrunkorra da popperra, baina ez zuen horretarako erabili Antoine-Jerome Balard kimikari frantsesak, 1844. urtean droga horren konposatu kimikoa aurkitu zuenean: amilo nitritoa. Osagai likido, horixka eta usain gogorreko horrek hodiak zabaltzeko balio zuela deskubritu zuen, ondoren, Thomas Lauder kimikari eskoziarrak, eta bularreko angina sendatzeko erabiltzen hasi zen, 1867an.
Nolanahi ere, medikuntza modernoak baztertu egin zuen osagai hori, eta bestelako erabilerak hasi ziren sortzen. 1970eko hamarkadan, disco kulturaren gorenean, LGTBI komunitateari loturiko festa sexualetan hasi ziren hura kontsumitzen, kristalezko anpoiletan, eta izugarri areagotu zen denbora oso gutxian. Botiketan eros zitezkeen, eta flasko horiek apurtzean sortzen zen soinuak eman zion izena droga horri: pop (eztanda txikia euskaraz).
LGTBI kolektiboaren eta popperraren lotunea izan zen hura, aurrerantzean bereiztea anitz zaila izanen zena. Adam Zmith kazetariak, hain zuzen, popperraren eta LGTBI mugimenduaren arteko harremana aztertu zuen Deep Sniff: A History of Poppers and Queer Futures liburuan. Bertan, azaltzen du nola popperrak eratu zituen gizon homosexualen estereotipoak, gaurdaino ere heldu direnak.
Gizon ultramuskulatuak, indartsuak eta adoretsuak izan ziren enpresari handiek eta oro har merkatu kapitalistak saldu zuten irudia, kolektibo horren gorputz desiragarria zein izanen zen ezarriz. Publizitate kanpaina landuen bidez egin zuten hori, eta olgetarako droga gisa finkatu zen.
«Txortan egiteko erabiltzen genuen», azaldu du Pepek. Popperra saltzen du, besteak beste, ezkutuan, eta anonimotasunean egotea nahiago du, «badaezpada ere». 60 bat urte ditu, eta gogora ekarri ditu gaztea zelarik egiten zituenak. «Uzkia zabaltzeko erabiltzen genuen maritxuok, efektu dilatatzailea baitauka».
Gaur egun, ordea, bertze gauza batzuetarako erabiltzen da droga lurrunkor hori. Gazteen artean hedatu da bereziki, parrandan. «Inoiz ez nuke imajinatuko diskoteka batean popper pote bat ikusterik», azaldu du Pepek, harriturik. «Ulertzen dut txortan egiteko erabiltzea, baina parrandan? Arnastu eta 15 segundo baino ez du irauten aitzurrak», jarraitu du.
Saltzailearen ustez, droga eta alkoholemia kontrolak saihestearren egiten dute hori. «Goraldi itzela nahi dute, baina detektaezina izan dadila». Izan ere, popperraren kontsumoa hautemanezina da, ez baita organismoan pilularik, hautsik edota likidorik sartzen; usaindu egiten da.
Ai Laket elkarteko Aitzol Hernandezen aburuz, drogaren praktikotasuna dago kontsumoaren gorakadaren gibelean. «Ez du ajerik eragiten. Motza da efektua, eta erraza kontsumoa: sudur zulo bat tapatu, eta bestetik usaindu». Halaber, azaldu du ez duela planifikaziorik behar: «Bertze edozein droga hartu ostean arriskutsua da gidatzea, esaterako, baina, popperra kontsumitutakoan, berehala bueltatzen zara zure onera». Droga kontsumoari lotutako arriskuak murriztea sustatzen du Ai Laket-ek.
Datu gutxi
Antzemanezina izateak zaildu egiten du kontsumoaren datu errealak islatzea. «Badakigu interesa piztu dela, gazteak informazio bila etorri zaizkigulako, baina ez dugu kontsumoaren inguruko datu zehatzik», esan du Hernandezek. Nafarroako Droga Menpekotasunaren Foru Planak eta Drogomedia Euskadiko Droga Mendekotasunei Buruzko Dokumentazio Zentroak ere ezer gutxi jasotzen dute popperraren prebalentziaren inguruan, kontsumo tasa «oso apala» delako.
Espainiako Gobernuak, berriz, bai. Gainerako droga lurrunkorren datuekin batera ematen dira datuak, hori bai. Espainiako Gobernuak bi urtean behin egiten duen Estudes inkestaren arabera, 14 eta 18 urte bitarteko gazteen %1,8k arnastu zuten inoiz halako substantziarik 2021ean, 2014an halako bik. Datuok joera gorakorra badute ere, urrun daude oraindik prebalentzia tasa handienetatik: 2000. urtean, adibidez, adin tarte horretako %4,3k zeukaten probaturik arnasgarri lurrunkorrik.
Helduagoengan, ostera, apalagoa da prebalentzia. Edades inkestak 15 eta 64 urte bitarteko lagina ikertzen du, bi urtean behin. Goranzkoa da joera: 2015etik 2022ra %0,4 handitu da noizbait arnasgarri lurrunkorrik probatu dutenen kopurua.
Hernandezek badaki datu horiek gora doazela, baina ez dator bat alarma sortzearekin. «Interesa egon badago, bistakoa da, baina ez da zer edo zer arazotsua izanen: kopuruak oso baxuak dira». Halaber, ukatu egin du popperra beste droga batzuk kontsumitzera igarotzeko bidea dela. «Ez da tranpolin droga bat. Gehigarri bat besterik ez da».
Juanek popperra kontsumitzen du berak ere, tabakoaren edota alkoholaren gehigarri gisa. 23 urte ditu, eta aurten probatu du estreinakoz, haren inguruko hainbaten moduan. Festa giroan hartzen du, nahiz eta sexuan ere erabili duen inoiz. «Dena den, juergan hartu izan dut gehien». Harentzat gozagarria da popperra: «Segundo gutxi dira, baina burua arintzen dizu, eta gustatu egiten zait».
Gaztea da Juan, baina horrek ez du osasun arriskuetatik aske uzten, Gonzalo Alonso Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko kardiologoaren aburuz. «Gaztea izanen da, baina agian badu detektatu gabeko gaitz kardiobaskularren bat», ohartarazi du medikuak. Izan ere, bi ospitaleratze izan dira Nafarroan aurten, patologia bat zutela jakin gabe droga hori hartu zutelako.
Popperra basodilatatzailea da, hau da, arteria eta zainetako muskuluak erlaxatzen ditu, eta tentsioa jaitsi. «Hipotentsioa ekar dezake horrek, eta zorabioak eragin; bihotzeko gaitzik izanez gero, hilgarria izan daiteke», zehaztu du kardiologoak. Garunera doan odol fluxua ere oztopatzen du, eta oxigeno gutxiago iristen da bertara. Kontsumitzaileek nahi izaten duten euforia efektu hori eragiten du horrek.
Datu txikia da ospitaleratzeena, baina prebentzioa beharrezkoa dela adierazi du medikuak, eta substantzia horiek ez kontsumitzeko deia egin. «Batez ere arriskutsua da bertze droga edo sendagaiekin nahastea». Bereziki, nitritoa dutenekin, medikamentuekiko erresistentzia sor baitezake, hipotentsio errefraktarioa eraginez.
Erekzioaren disfuntzioa tratatzeko sendagaiekin nahastea ere biziki arriskutsua izan daiteke, Aitzol Hernandezek nabarmendu duenez. «Viagra eta antzeko pilulek azkartu egiten dute bihotzaren erritmoa, eta, hodi-zabaltzaileak diren substantziekin nahastuz gero, behar baino esfortzu handiagoa egiten du bihotzak, eta bihotzeko bat eragin». Kokaina, anfetamina eta antzekoek ere efektu bera dute. Bertigoa, buruko mina eta bestelakoak eragin ditzake popperak, baita azalaren erredura ere, korrosiboa baita.
Hernandezek argitu du ez duela sortzen dependentzia fisikorik, baina bai, ordea, psikologikoa. «Testuinguru batekin lotzen denean gertatzen da». Tolerantzia, berriz, handitu egiten dela baieztatu du. «Zenbat eta gehiago hartu, orduan eta handiagoa».
Internet saltoki
Popperra ekoitzi eta saltzea ilegala da Espainiako legeen arabera. Halere, hainbat lokal klandestinotan eros daiteke, eta gizonen arteko zitak lotzeko hainbat aplikaziotan ere saltzen dituzte, norbanakoek. Internet da, ordea, saltokirik handiena. Juanek bertan erosi ohi ditu botilatxoak, eta azaldu du ez duela arazorik izan.
Frantzian, ostera, bestelakoa da egoera. Legezkoa da droga hori saldu, ekoitzi eta kontsumitzea, baina debekaturik dago butilo nitritoaren erabilera. Popperra osatzen duen nitritoaren beste aldaera bat da, kaltegarria, antza, Frantziako Gobernuaren arabera.
Pepek saldu egiten ditu produktu horiek, eta Internet bidez egiten ditu eskariak: «Hornitzaileak ditugu, espainiarrak eta kanpokoak». Erosketa horiek, baina, legez egiten ditu. «Larru garbitzaile gisa eta abar saltzen dituzte, substantzia berez ez baita ilegala». BEZa ordaintzen duela gaineratu du, eta fakturak atera ditu mahai gainera. Espainiako legedia ez duela ulertzen dio, haserre: «Ezin da erosi, ezin da saldu, eta ezin da kontsumitu, baina nik arazorik gabe lortzen dut produktua. Legala da, edo ilegala?».
Izan ere, droga gisa erabiltzea debekaturik dagoela dio Espainiako Gobernuak.«Nork egiaztatu dezake droga gisa hartzen ari naizela?», galdetu du Pepek. «Hutsune legal bat dago hor». Eman diote popperrari jada lagun guztiek, eta Sivanen azken notarekin batera, tapoia jarri dio azkenak. Amaitu da besta, oraingoz.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.