Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Askari oparoa zalearentzat

2021eko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Amaitzetik gertu da Italiako Giroa eta, ez Mikel Landa erori eta erretiratu ez balitz bezainbeste seguru asko, baina txirrindularitza zaleok gozatzen ari gara hari begira. ETB1en bidez jarraitzen dugunontzat lagungarri dugu, horretarako, Fermin Aramendik, Xabier Usabiagak, Alfontso Arroyok eta Alessandro Rutak egunero prestatzen duten saioa, Ez da Giro!. Etapa amaitu eta are podiuma hustu eta gero ere, ez da aitzakiarik falta, astirik eta aukerarik izanez gero behintzat, telebista aurrean geratzeko: Usabiagaren erudizio orekaz transmititua, Italiari eta haren historiari eta zinemari buruzko Rutaren azalpen kultuak, txirrindularitzaren munduko profesionalen, profesional ohien eta beste pertsonaia interesgarri batzuen etapari buruzko komentarioak eta haiei egindako elkarrizketak, Oroitzapenak, Besaulkitik, Zaleen erreleboa eta Esprinta sailak... Ahaleginaren faltan ez dute zorrik Ez da Giro!-ren arduradunek, eta ahaleginaren emaitzari aitzakia gutxi jar lekioke. Askari oparoa gose geratu den zalearentzat.

Ikuslearen aldetik, saioak daukan arazorik handiena da egunari zati handia kendu behar diola etapaz gain haren osteko saioa ere osorik ikusiko badu, baina begira gelditzerik daukanak, txirrindularitza zalea baldin bada bederen, aurkituko du zerekin entretenitua eta zer ikasia.

Saioaren aberastasun nagusietako bat da euskal txirrindularitza gertuagotik eta sakonago ezagutzeko aukera ematen duela, une honetan munduan dagoen ekitaldi nagusia aitzakiatzat hartuta —eta Italiari ere begiratzeari utzi gabe— bertako txirrindularitza, txirrindulari ohiak, txirrindulariak eta beste profesional edo zale esanguratsu batzuk pantaila aurrera ekarrita, ahal den neurrian. Mundu gero eta globalizatuagoan, eskertzekoa gertatzen da, horretarako aitzakia nazioarteko ekitaldi garrantzitsua bada ere, bertakoari gertutik begiratu ahal izatea.

Lerro hauek idazteko garaian, orain arteko lider sendoa indarrik gabe eta ezinean ikusi berriak gara, aurkari batzuei ezin jarraituta, eta artikulua argitaratzen den egunean egiaztatu beharko da egun bateko txakalaldia izan duen ala zerbait larriagoa. Halakorik ez zela uste zenean emozio pittin bat gorde baitu amaierarako Giroak, ETB1eko saioaren izenari ohore egin nahiko balio bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.