Hauskortasuna indar

Celia Eslavaren 'Ehundu, bizi, isildu' erakusketa ikus daiteke Iruñeko Ziudadelan. Artistak balioa eman die andreen lanei

Ane Eslava.
Iruñea
2019ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Ehuntzea, bilbatzea, bizitza bat eraikitzearen antzeko ekintza bat da Celia Eslavarentzat: «Ziklo geldo baina geldiezinak dira biak; hasiera bat dute, baina baita amaiera bat ere. Bizitza dira ziklo hauskorrak, eta, aldi berean, gogorrak». Gogoeta horretatik tiraka sortu du Ehundu, bizi, isildu erakusketa. Unibertso berezi bat sortu du instalazio, eskultura eta performanceekin; obra fin eta soilen bitartez, balioa eman die emakumeek historian egin dituzten lan isilaraziei. «Gauza txikiez hitz egin dut», laburbildu du Eslavak. Erakusketa Iruñeko Ziudadelako Bolborategian egongo da zabalik maiatzaren 5era arte.

Jantzigintzak beti izan du leku nabarmena Eslavaren familian, eta hori izan da haren adierazpide «naturala», nabarmendu duenez. Erakusketa honetan, jantzigintzaren munduaz baliatu da artelanak harilkatzeko. «Ehuntzea geure buruari begiratzeko modu bat da; barrura begiratzeko eta geure burua eraikitzeko modu bat», adierazi du. Ideia hori hezurmamitzeko, artilea eta zeramika erabili ditu batik bat. Material «ahulak» dira oso, haren irudiko, baina aldi berean «gogorrak», gizakiak eta natura bera bezala.

Erakusketaren lehen espazioan, hari batzuetatik zintzilik dauden portzelana zatiek erakartzen dute ikuslearen arreta. Eslavaren inguruko emakumeen ahoen moldeekin egindako piezak dira, eta pita zati gardenetatik zintzilik daude, espazioan flotatzen. Aho guztiak itxita daude; emakumeak komunikatzeko, ahotsa eta espazioa izateko historian jasan izan dituen zailtasunak irudikatzen dituzte. Egileak azaldu duenez, piezei hondar arkeologikoko itxura eman die, adierazteko arazo hori iraganetik datorrela. Horien parean, halaber, moldeak ahoz behera jarri ditu, eta edukiontzi itxura eman die. «Esaten ez den hori jasotzen dute», artistaren esanetan.

Aho berdinen moldeekin egindako hirugarren lan bat ere badago ondoan: hariekin egindako hiru pieza, beirazko kanpaietan sartuak. «Bizitza sostengatzen duten azken hariak irudikatzen dituzte, bizitzaren amaieraz ere hitz egin nahi dudalako: heriotzaz», azaldu du Eslavak. Ikusleak makurtu egin behar du piezak ikusteko, eta, berriz zutitzerakoan, ispilu batekin egiten du topo aurrez aurre. «Altxatu eta bere burua ispiluan ikusterakoan, agian esango du: nire heriotza ere badago hor nonbait; noizbait helduko da».

Hurrengo espazioak Oihalezko herbolarioa du izena, eta gizakiaren eta naturaren arteko lotura jorratzen du. Landareen eta loreen irudiak dituen portzelanazko xafla multzo batek osatzen du pieza nagusia. Gizakiaren eta naturaren bizitza zikloez hitz egin du artistak, eta bilbatzearekin lotu ditu prozesu horiek: «Oso prozesu geldoak dira, eta, aldi berean, iraunkorrak».

Artelan horrekin batera, geometriaren oinarrizko irudien marrazkiak ehundu ditu: karratua, laukizuzena, triangelua, erronboa... «Oso eraikuntza soilak dira horiek; zuntzekin, erritmo konstante eta geldo batekin, hariz hari sortzen dira». Zuriz eta beltzez egin ditu, bizitza eta heriotza irudikatuz. Hurrengo espazioan, naturak pisua galdu eta emakumeak hartu du berriz. Pareta batean, oso lan pertsonala jarri du ikusgai Eslavak: inguruko emakumeek jositako ehundura txikiekin egindako hainbat pieza. «Adibidez, nire amonaren oihaltxo bat dago». Obra horiekin andreen lana eta, oro har, etxe barruan egiten diren behar guztiak balioztatu nahi ditu; familia sostengatzen dutelako, haren irudiko, bai eta gizartea ere. «Baina ez dute baliorik; isilaraziak izan dira, eta horiek gabe gauzak oso ezberdinak lirateke».

Ereduetan korapilaturik

Etxe barruko lana aipatzean, artistak parez pare jarri ditu berriz ere hauskortasuna eta sendotasuna, eta kondaira bat ekarri du gogora: Peneloperen mitoa. Penelopek Ulises senarrari itxaron zion, eta, itxaron bitartean agertu zitzaizkion ezkongaiei eusteko, esan zien ez zela beste inorekin ezkonduko ehuntzen ari zen hil-izara bukatu artean. Egunez ehundu, eta ehundutakoa gauez desegin, halaxe eman zituen urteak Penelopek. «Pasiboki bazen ere, erresistentzia egiten zuen».

Jarraian dago Geure ehundura artelana. Emakume ahoen moldeak ageri dira berriz, hari artean harrapatuta. Emakumeek bere burua eraikitzeko prozesuan topatzen dituzten oztopoak aztertu dituela azaldu du Eslavak: «Hariz hari geure nortasuna eraikiz goazenean, kulturaren edo lehendik eraikiak dauden ereduen eraginez, harrapatu egiten dugu geure burua; inposatu dizkiguten ereduetan erortzen gara». Nyloneko hari artean korapilatu ditu ahoak, teknologiaren garaiari aipamena eginez.

Amaitzeko, Mugimendu horizontala izeneko lana ikus daiteke. Ezkerretik eskuinera etengabe mugitzen ari den makina bat da, ehungailuaren antzekoa. Beiraz egina dago, eta naturatik hartutako makilen moldeekin sortutako zeramikako pieza txikiak ditu zintzilik. Piezek zorua ukitzen dute, eta marruskadurak desegiten ditu. Obra horrekin, Eslava denboraren joanaz mintzatu da: «Denbora erlojuarekin neurtu beharrean, ehuntzea simulatzen duen joan-etorriarekin neurtu dut; hala, esan nahi dut naturaren zikloa beti itzultzen dela hasierara: jatorrira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.