Argia berreskuratu du mihiseak

Elias Salaberriaren 'Elkanoren eskaintza' zaharberritu dute, mundu biraren mendeurrenean

Elias Salaberriaren Elkanoren eskaintza margolanaren zaharberritzearen aurkezpena, Irunen. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA.
Nagore Arin.
Irun
2019ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Elkanoren lehen mundu biraren bosgarren mendeurren betean, eta zifra biribilarekin bat, haren omenezko margolan bat zaharberritu dute: Elias Salaberriaren Elkanoren eskaintza. Margolari gipuzkoarraren mihise ezagun eta garrantzitsuenetariko bat da, 1919an, mundu biraren laugarren mendeurrenean, Gipuzkoako Foru Aldundiak egiteko eskatua. Hiru urte geroago sinatu zuen Salaberriak lana, 1922an, eta, gerora, Donostiako Foru Jauregiko ohorezko solairuan egon da, atondoan. Denboraren eraginez, baina, lanak kalteak jasan ditu, tenperatura eta hezetasun aldaketen ondorioz deformazio handiak agertu baitira. Horregatik, zaharberritze prozesu bat behar zuela iritzi zioten, Denis Itxaso Kultura diputatuaren arabera: «Azkenaldian margolana ilun zegoela iruditzen zitzaigun, eta behar zuela eta merezi zuela halako zaharberritze bat».

«Prozedura oso luzea izan da: zortzi hilabete inguru pasatu dira analitikak amaitu eta margolana zaharberritzen hasi ginenetik», nabarmendu du Carlos Olaetxeak, Gordailua Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroko zuzendariak. Zentro hori izan da prozesu guztia bideratzearen eta zuzentzearen arduraduna, eta 17.000 euroko aurrekontua izan du. Irene Cardaba bertako zaharberritze teknikaria da, eta, esan duenez, kontserbaziorako oinarrizkoak diren irizpideak hartu dituzte hastapenetik: «Gutxieneko esku hartzea egin, eta teknika berritzaileak eta errespetuzkoak erabili ditugu. Halaber, margolanaren inguruan dokumentazio osatua eta zehatza lortu dugu lanari ekin baino lehen, eta materialak ongi ezagutzea ere garrantzitsua izan da zaharberritze planteamendu egokia proposatu ahal izateko». Bide horretan, bi helburu nagusi bete nahi izan dituzte: oihalaren izaera laua berreskuratzea eta mihisearen kontserbazio egokia arriskuan jartzen zuten gehigarri guztiak kentzea.

Ikerketa zabala

Ikerketa teknikoarekin batera, bestelako ikerketa historikoak ere egin dituzte. «Iturri zuzenak eta lekukoak elkarrizketatu ditugu, eta jatorrizko dokumentuak kontsultatu ditugu», esan du Cardabak. Margolanaren bertsio guztiak ikertu dituzte, zaharberritu duten obrak biki bat baitu Madrilen. Hala, Getariako Udalean (Gipuzkoa) gordeta dagoen bozetoa eta Madrilgo Ontzi Museoan dagoen margolanaren beste bertsioa ikertu dituzte aldi berean. «Hirurak parekatzeko, erreflektografia egin diegu gure margolanari eta bozetoari. Azpian dagoen arkatzez eginiko marrazkia ikusteko gai izan gara; izan ere, teknika horrek, oliozko estraktuak zeharkatu, eta ikatz marrazkiaren seinalea jasotzen du», adierazi du. Teknika horren bidez «oso gauza bitxiak» ikusi dituztela aitortu du: «Esaterako, margolanean agertzen den gizon bizarduna, azpiko marrazkian, arkatzez eginikoan, gazte bat da, ez da gizon heldu eta bizardun bat, oraingoan ageri den bezala».

Ikerketa horien bidez, margolaria gehiago ezagutu, eta artelanaren historia zein den jakin dute. Hain justu, artelan zaharberritua ikusteko aukera izango da azaroan, mundu biraren bosgarren mendeurrenaren harira Donostiako Euskal Itsas Museoan antolaturiko erakusketan. «Erakusketa irekiko dugu garatzeko zer ekarpen egin zuten Elkanok eta euskaldunek lehen mundu bira hartan», adierazi du Itxasok. Bertan aukera izango da, haren hitzetan, «argia berreskuratu duen margolanaz gozatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.