Jose Luis Zumeta (1939-2020)

Agurra artista erreferente bati

Jose Luis Zumetaren heriotzak dolu eta laudorio mezu ugari eragin ditu. Arteari ekarri zion berritasuna nabarmendu dute askok

Jose Luis Zumeta, Bilboko Arte Eder museoan jarritako erakusketan, 2009an. LUIS TEJIDO / EFE.
Ane Eslava.
2020ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
«Kolpe latza izan da maila pertsonal eta kolektiboan, baita historia garaikidearentzat ere». Jose Angel Irigarai idazleak atzo esandako hitzak dira. Euskal arteak izan duen margolaririk garrantzitsuenetako bat izan da Jose Luis Zumeta, eta haren heriotzak samina eragin du. Atzo, albistea jakin bezain laster zabaldu ziren dolumin mezuak. Ez soilik kulturgintzako kideenak, gizarte osoarenak baizik, erreferentziazko artista izan baita Zumeta.

Irigaraik harremana zuen margolariarekin, besteak beste Ez Dok Amairu taldean aritu zirelako elkarrekin. Zumeta «kultur arloko zutabe garrantzitsuenetakoa» izan dela adierazi du, eta azpimarratu du bide berriak jorratu dituela, «baina ez modu itsuan, baizik eta soseguz. Ekarri dizkigu hainbeste kolore, hainbeste bide, hainbeste ikuspegi...».

Ildo beretik mintzatu da Ismael Manterola arte aditua ere, eta garai batean Zumeta Euskal Herriko artearentzat «erabakigarria» izan zela adierazi du: «[1936ko] Gerraren ondoren, Frankismoan, Euskal Herria isolatua zegoen, eta hark berrikuntza ekarri zuen giro kontserbadore horretan: lotura nazioarteko testuinguruarekin». Hori dela eta, izan zuen «konpromiso etikoa» txalotu egin du.

Halaber, euskal artistentzat izan duen garrantzia azpimarratu dute askok. «Erreferentziazko belaunaldi bat desagertzen ari da, eta, herri bezala, horiek behar dute izan gure erreferentziak», adierazi du Manterolak. Haizea Barcenillak ere antzeko hitzak izan du hari buruz mintzatzean. Arte kritikariarentzat, Zumeta «estudioko» artista zen, «sen indartsukoa»: «Diziplinaren hizkuntza propioa ulertu eta hitz egiten zuen. Esaten zuen gehiegi idazten zela pinturaz, bera egitearen bitartez aritzen zela». Jose Julian Bakedano zinemagileak, berriz, haren independentzia nabarmendu du. «Ez da inoiz saldu; hori da haren bertute handienetarikoa». Laguna zuen margolaria, eta haren heriotza kolpea izan da harentzat ere. XX. mendeko bigarren erdiko artistarik garrantzitsuenetakotzat jo du.

«Bera jada ez dago»

Zumetaren margolanak txalotu dituzte, baina baita Gaur taldean eta Ikimilikiliklik ikuskizunean egindako lana, Joxan Artzeren liburuetan egindako ilustrazioak eta disko eta afixa ugaritarako egindakoak ere. Argi dago euskal kulturak izen handi bat galdu duela. Irigaraik esaldi batekin laburbildu du galeraren tristezia: «Haren obra geratzen zaigu, baina bera jada ez dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.