Miren Manias.
EKOGRAFIAK

'Etxekoak'

2020ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Azken egunotan eguraldi ona egin du, eta, balkoia dugunok denbora gehiago eman dugu bertan. Nik, kasurako, bulegoa eraman dut balkoira hainbat orduz. Denetarik ikusi dut bertatik: egunkaria irakurtzen batzuk, eta beste batzuk kartetan jolasten, adibidez. Behatzetako azazkalak mozten ere harrapatu dut nor edo nor. Une horietako batean, bizilagunarekin solasaldia izan nuen. Balkoitik balkoira. Komentatu zidan telebistaz aspertuta dagoela, etengabe eta kate ia guztietan gai berdinaz hitz egiten ari direlako. Eta horregatik, musikarekin entretenitzen da orain. Marisol abeslariaren kantak jarri dizkigu azken egunotan. Bolumen osora.

Esan nion Etxekoak euskarazko telesaila ikusteko. Asteazken gauetan (22:30) ematen dute, ETB1en. Nahieran zerbitzuan ere eskuragarri daude lehen bost atalak. 45 minutu ingurukoa bakoitza. Konfinamenduari buruzkoa da, ados, baina umorea du ardatz eta horrek laguntzen du.

Hasieratik jarraitzen ari natzaio pista telesail berri horri. Esango nuke ataletik atalera maila igo duela. Bai edizio aldetik, baita gidoi aldetik ere. «Kariño falta» duten gizonezkoen arteko elkarrizketa birtualak ikusi ditugu, baita kezka berdinak partekatzen dituzten emakumezkoenak ere. Hori bai, genero bakoitza bere aldetik elkartu da horietaz hitz egiteko. Etxeko leihotik polizia lanak egiten dituen bizilaguna ere ez da faltatu. Edota bizikleta estatikoaren gainean ordu gehiegi egiteagatik ipurdian fistula atera zaion laguna. Egunak asper-asper eginda pasatzen dituen neska gaztea ere ezagutu dugu. Baita lanik gabe geratu edo soldata murriztu dieten lagunak ere. Telesail horri esker ere jakin dugu zergatik aurkitu ditugun konfinamendu garaian alkoholaren apalak erdi hutsik supermerkatuan.

Etxekoak-ek jende arruntaren etxeetan gertatzen diren istorioak kontatzen ditu. Bakoitzaren etxeetatik, hain zuzen. Eta, esan beharra daukat, dekorazio pistak hartu ditudala telesaila ikusi bitartean. Irudiek testuaren ia indar bera hartzen baitute. Horri lotuta, faltan sumatu ditut aldarrikapenezko mezuak dituzten kamisetak, koadroak, margoak... Etxeetan zein protagonisten jantzietan. Bikote homosexualak edo ezkongabeko aiten eta amen hutsunea nabaritu dut. Ezustekoz hartu dut, ordea, atal bakoitzaren amaierako editoriala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.