Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Taberna giroko eztabaidetarako

2021eko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Artean ere debekatuta ez zeuden substantziak erabili zenituela diozu, eta, horrenbestez, legearen barruko tranpa txikiak besterik ez zenituela egin, baina kontuan izaten al zenuen substantzia horiek kirolariaren osasunean izan zezaketen eragin kaltegarria? Odol transfusioak behar zituenari soilik egiten zenizkiola esan duzu, motibo «profilaktikoak» argudiatuz, baina zehaztu dezakezu zer irizpide erabiltzen zenuen transfusioa nori egin eta nori ez egin erabakitzeko, eta zeretik babesten zituen kirolariak profilaxi horrek? Transfusioen kasuan ere ez zintuen kezkatzen kirolarien osasunak? Dopina debekatzearen aldekoa zara ala libre utzi beharko litzateke zure ustez? Debekatzekotan, zergatik debekatu beharko litzateke: abantaila bat ematen duelako ala kirolarien osasuna arriskuan jar dezakeelako? Zure adimenaren bikaintasunak eta prestakuntza zientifiko zorrotzak eraman zintuen hainbeste talderentzat eta kirolarirentzat hain preziatua izatera? Zer motatako aholkuak espero zituzten zuregandik bilerako 6.000 euro ordaintzeko prest izateko? Legearen barrukoak ziren denak? Kirolarien osasuna errespetatzen zuten? Zertan bereizten da txirrindularitzako dopina beste kirol batzuekin alderatuz gero, futbolekoarekin adibidez? Logikoa eta bidezkoa iruditzen zaizu txirrindularitzaren irudi publikoa hain estu lotuta egotea dopinarekin eta beste kirol batzuena, futbolarena adibidez, lotura horretatik ia erabat libre? Logikoa eta bidezkoa iruditzen zaizu txirrindularitzan dagoen kontrol maila hain handia izatea, eta beste kirol batzuetan, futbolean adibidez, kontrol maila askoz baxuagoa?...

Galdera asko geratu zitzaizkion egin gabe, edo emititu gabe behintzat, joan den igandean, Jordi Evole kazetariari La Sexta kanaleko bere saioan Eufemiano Fuentes kirol mediku garai batean ospetsu beti polemiko eta gaur egun jubilatuari egindako elkarrizketan.

Inoiz argituko ez diren misterioak gordetzen ditu dopinaren mundu ilun eta uherrak, eta Evole era Fuentesen arteko elkarrizketak ere —elkarrizketatuak zein elkarrizketatzaileak antzerkirako erakutsitako dohainak gorabehera— ez zuen argi askorik eman. Taberna giroko eztabaidetarako bazka pixka bat besterik ez (esana bedi tabernekiko eta haietako giroarekiko errespetu osoz).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.