EKOGRAFIAK

Interes informatiboa

Jokin Labaien.
2018ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Espero izatekoa zen. Lehen ere, aurrena epaiketa garaian eta egunotan baldintzapeko askatasunaren harira, kazetaritza ez den beste dena ikusarazi digute hainbat telebista katetan. Ez nau harritzen, zoritxarrez, erasotzaileen abokatuak, bizilagunak edo senitartekoak astakeriak esaten ikusteak. Defendaezina defendatu nahiaren kostua. Testuinguruan dago akatsa. Zenbaitek ezarri eta besteok jokaleku onartzen dugun testuinguru horretan. Kazetaritza eta adierazpen askatasuna kontzeptuak aldarrikatu eta justifikatu egin nahi dute morboaren izenean ikus-entzuleak erakartzea, ikusle datuak handitzea, sosa eskuratzea. Eta, zergatik ez esan, zenbait boz gora onartu ezin litezkeen arren, mantendu egin nahiko luketen mundu ikuskera horri eustea.

Espero izatekoa zen, eta laster iritsiko da gure pantailetara. Elkarrizketatuak izango dira hainbat platotan, trukean dirutza negoziatuta. Jarriko diete elkarrizketei kazetaritzaren funtzioaren eta adierazpen askatasunaren izenburua, eta eskainiko diete mikroa, nahi dutena esan dezaten. Nahi duten hori bai, izan ere, haien ikuspegia emana dute dagoeneko. Haiek epaiketan, eta haien ordezkariek auzitegiaren atarian, auzoan gertukoek. Bestelakoa da asmoa. Eta kendu egin behar zaio adierazpen askatasunaren babesa. Kazetariak bere funtzioa egoki beteko balu, haien mezuak interes informatiborik ez duela erabakiko luke, zalantzarik gabe. Horregatik ez litzaieke, nire iritziz, dirurik eta urrezko minuturik eskaini behar telebistan. Defenda daitezela defendatu behar duten lekuan. Han ere badute nahikoa laguntza, tamalez.

Espero izatekoa zen; laster iritsiko da gure pantailetara, eta ondorioak latzak izan daitezke. Esateko dutena ezaguna baitzaigu. Mezu hori defendatzeko zilegitasuna eskainiko zaie, ordea. Eta, agian, elkarrizketatzailea bikaina bada, utziko ditu nabarmen, zortea aldeko badu. Normalean, baina, entzulearen desioaren baitan jokatuko da auzi hori. Galtzekoa da abiapuntua. Esaerak ere hala dio: ez eztabaidatu (...) batekin, haren eremura eramango zaitu, eta, bertan, zu baino hobea da. Hobe luke kazetaritzak ekarpenak egiteko dauzkanari luzatu mikroak, ez zurrunbiloaren erdian egon nahi duenari. Emaitzaren arabera epaituz gero, ergelkeria eta gaizkia gauza bera dira, Margaret Atwoodek dioenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.