Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Arrakastaren zikloa

2021eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Arrakasta eguraldia bezalakoa da. Egin daitezke mila tesi, azterketa eta datu pilaketa. Baina hori guztia txukun eginda ere, askotan, ez da asmatzen. Are gehiago, —ez dago azken urte honetako eguraldi iragarpenak ikusi besterik— inoiz gutxitan betetzen da esperotako hori. Gehien-gehienetan, bogan izango den formula berri bat aurkitzen duenak erdi nahi gabe asmatzen du; intuizio bati segika, baina egiten ari den horrek izango duen oihartzunaren tamaina usaindu gabe. Gero bai, batek asmatu orduko, laster batzen da kopiatu, egokitu, berrasmatuko duen oldea. Kasurik onenean, arrakasta hori zabalduz, harik eta formula agortzen den arte.

Euskarazko ikus-entzunezkoetara etorrita, —eta eguraldi petralarekin batera pesimista samar agertzea baimentzen badidazue— ziklo horren bukaera partean gaudelakoan nago. Bai ohiko telebistan, baita sareko edukiei dagokienez ere. Azken bizpahiru urteetan, oso saiakera gutxi bihurtu dira benetan arrakastatsu: lagunarteko hizketagai, trending topic —literalki zein metaforikoki—. Telebistan, Hondar ahoak, Ur handitan eta Baserria har daitezke, izatekotan, salbuespentzat. Sareko edukietan,DAPAk Miñan liburuaren aitzakian egindako mikrodokumental ederra bururatzen zait soilik. Izan fikzioa, izan lehiaketa, izan umorezko saioa, EITBko edukiek ez dute orain hamarkada bateko nabarmentasuna lortzen. Eta sareetan aspaldi da ezerk ez duela Beranduegi, Super Txope edo IDEMtitateak saioek izandako eragin(txo)a berdindu.

Nostalgia erreakzionarioari bide eman aurretik, komeni da argitzea dena ez dela ilun: bien bitartean, podcast arrakastatsuen loraldia ari gara ikusi eta entzuten; erakunde publikoek gero eta baliabide gehiago jartzen dituzte formatu berriagoetan; eta mainstream plataformetan edukia euskaraz ikusteko aukera izan dezagun borrokan ari den herri-ekimen antolatu eta sendoa daukagu. Ez dira horiek, ordea, euskarazko edukien arrakasta eskasak sor dezakeen kezkaren aringarri bakarrak. Baikorrenek besarka dezaketen beste motibo bat bada: arrakastaren bizitza, eguraldia edo urtaroak bezala, ziklikoa da. Prekaritate orokortua eta plataforma handien konpetentzia testuinguru zaila dira, bai. Baina, lehenago edo beranduago, norbaitek asmatu, eta zikloa berrituko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.