gorka julio
IRLEN SAREA

Internetgintza

2021eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Euskal komunitateak Internet tresna bezala hartu eta horren bidez medio horretan egindako egitasmo sortei dei geniezaioke Internetgintza. Esperimentatzeko aukera handiak eskaini dizkigu, eskaini izan duen askatasunagatik edota beste bide batzuek eskatzen zuten inbertsiorik behar ez zelako, agian.

Beste errealitate batzuetan erabiltzen diren tresnak edo formatuak ekarri izan ditugu maiz, baina ez dute arrakastarik izan bere horretan. Gure errealitate kulturalak askotan egokitzapen handiak behar ditu, adibidez audientzien ikuspuntutik, eta zenbaitek ahalegina bertan behera uztea ere ekarri du horrek. Homologazioa, frustrazio iturri izateaz gain, irteerarik gabeko bidea ere izan daiteke askotan.

Aldiz, beste egitasmo batzuek aurrera egin dute: oparoak dira gaur egun Librezale, Game Erauntsia, hizkuntza teknologien inguruko zenbait ekimen... Hogei urte bete dituztenak ere badira: Sustatu, Armiarma, Euskal Wikipedia...

Zergatik iraun duten galdetzea interesgarria litzateke, akaso. Gehienak beren sorreran euskal komunitateari lotutako atxikimendu batetik jaio direla esango nuke. Batzuek diru laguntzak jaso dituzten arren, dirua egitera guztiz bideratutakorik ez dago. Azkenik, egitasmo horiek beren inguruan momenturen batean komunitate bat eraikitzea lortu izan dute edo aurretik zegoen baten gainean eraiki izan dira. Euskal Internetgintzaren arrakasta nonbait kokatu badezakegu, parametro horietan da.

Bizirauteari arrakasta deitzea gehiegizkoa dirudi, baina ez etsi izanaren seinalea ere bada. Alde batetik frogatua gelditzen da ez dagoela formula bakarrik eta kanpoko formula askok ere ez digutela balio bere horretan; horregatik asmatzen, berritzen, probatzen jarraitu behar dugu. Bestetik, eskala salto bat emateko ere garaia izan liteke, egitasmoak bateratu, hedatu edo zabaltzeko momentua; erronka berriek tamainako apustuak eskatzen dituzte.

Orain hogei urte bete dituztenen ospakizuna izango da. Garaiko olatua ulertu eta bide propioak eraikitzea asmatu zutenena. Internetgintzak, baina, datorrenari itxaron baino gehiago, etortzea nahi dena zer den pentsatu eta ekartzeko prestatu behar du. Datorrenari, etorkizun prefabrikatuari, datorgintza horri, aukeratutako etorkizunen etorgintza bat kontrajarri; hurrengo urteetan ere ospatzen jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.