Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Baloiak itsutu aurretik

2022ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Pantailaldia amaituko da gaur. Astebetez euskarazko edukiak ikusteko ariketa egin duenak bi aukera ditu, hortaz: kontsumo arduratsua utzi eta lehengo joera globaletara itzuli. Edo Euskaraldia hasi dela-eta, tokian tokiko ikus-entzunezko produktuen dieta jasangarriari eutsi, gutxienez, beste bi astez. Baina bada kolektibo bat —boladan ez egonagatik, hegemonikoa dena oraindik— ezingo diona, ziur asko, bigarren bide horri eutsi: futbolzaleena.

Etiketa horren babesean, asko kabitzen dira: talde kutunaren armarria izterrean tatuatu dutenak, antzerkia ikustera joan baina bi minututik behin sakelako telefonoan emaitzak begiratzen dituztenak, lagunekin futbola beste hizketagairik ez dutenak, partidak errudun sentimenduarekin ikusten dituztenak, eta baita nire baitan bizi den —eta horietako askoren nahasketa den— futbolzalea ere. Denek izango dituzte lanak Pantailaldiari eusteko: datorren igandean hasiko da gizonezkoen Munduko Kopa. Eta ez dirudi euskaraz ikusi ahal izango denik.

Ez da hizkuntza hautua Munduko Kopak ikusle kontzientziatuari sortuko dion hazkura bakarra. Qatarren egin ahal izateko modu bakarra delako jokatuko da azaroan. Eta herrialdearen joeretan dago gatazka handiena: lege eta praktika ezin zapaltzailegoak ditu, eta emakumeek zein LGTBI+ pertsonek ez dute ia eskubiderik. Hori aski ez, eta milaka lagun hil dira —edo dituzte— zazpi futbol estadio baldintza negargarrietan eraikitzeko lanetan. Federazioek eta hedabide tradizionalek topikoan aurkitu dute beste alde batera begiratzeko aitzakia: «Futbola bai, politika ez».

Futbola kontatzeko moduetan izan da aldaketarik azken urteetan, ordea. Youtube edo Twitch bidez, zenbait kazetari gaztek tonu eta forma berriak ekarri eta protagonismoa berenganatu dute. Bada, haietako batzuek telebistek eta kirol federazioak egin ez dutena egin dute: kamera eta fokua Munduko Koparen alde ilunean jarri. La Media Inglesa dute izena, gaztelaniaz egiten dute edukia Youtuben, eta Qatar: El Mundial a sus pies dokumentala ondu dute. Hiru atal jarri dituzte ikusgai, besteak beste, hildako langileen senitartekoen elkarriztekin. Futbolzale guztiek —eta hala ez direnek— ikusteko modukoak dira. Ahal dela, baloia mugitzen hasi eta denak itsutu aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.