Lide Hernando.
EKOGRAFIAK

Amek amez

2023ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Asko hitz egiten al da amatasunaz? Baten batek pentsa lezake gero eta gai errepikakorragoa dela, baina ez da hala: amek amatasunari buruz hitz egiteko espazio publikoak topatzea uste baino zailagoa da. Hutsune horri tiraka idatzi zuten Erika Lagomak eta Estitxu Fernandezek M ama* eme* ume* liburua; eta, hain zuzen, liburua oinarri hartzen duen saioa estreinatu zuen Hamaika Telebistak joan den irailaren 5ean.

Ainara Lopez Zarco eta Miren Lantz Solbes dira saioaren gidariak. Lehen atala eman dute oraingoz —Hamaika telebistaren webgunean ikusgai dago—. Bertara, saioaren aurkezpen txiki bat egin ostean, liburuaren egileetako bat gonbidatu dute: Erika Lagoma, hain zuzen.

Ama izan edo ez, eme izan edo ez, bertan esaten (eta esango) denaren interesa eta garrantzia berebizikoa eta, noski, orokorra dela azpimarratu nahiko nuke hemen. Emakumeek adierazpenerako izan dugun espazio murritz hori ama direnek oraindik eta murritzago izan dute historian zehar, euren bizipenak sarritan amen arteko elkarrizketetan soilik kanalizatu direlarik. Lagomak saioan dioen bezala: «Amatasuna orain arte bakoitzak gure lubakitik bizi izan dugu, gauza politikoa ez balitz bezala».

Iruñeko Katakrak-en grabatutako saio horrek espazio goxo berri bat eskainiko digu Hamaika Telebistan hemendik aurrera, astero. Zaindua dago irudia; nahiz, telebista saio batera baino gehiago, azkenaldian gero eta ugariagoak diren podcast baten dekoraziora gehiago gerturatzen den.

Interesgarriena, ordea, irudiaz harago doa: Lopezen eta Lantzen galderek bultzatuta, hausnarketa mardulak ateratzen dira Lagomaren ahotik lehen saioan: aipatu nahi dudan lehena, orain arte amatasunaren eta feminismoaren artean gauzatu den dikotomia faltsua litzateke. Zerk garamatza pentsatzera emakume batek ama bihurtzean feminismo aktiboa baztertu beste erremediorik ez duela?

Amatasunak eskaintzen duen eta akademikoa ez den ikasketa horri saioan egiten zaion gorazarrea ere oso interesgarria iruditzen zait. Egunerokoan izandako bizipenak zentroan jartzera eta horiei behar duten garrantzia ematera dator M eme* ama* ume* saioa, espektro zabaleko gonbidatu eta gaiekin. Ni, behintzat, ama izan gabe ere, hurrengoaren zain gelditzen naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.