EKOGRAFIAK

Ez sinestekoak

Gaizka Izagirre
2023ko irailaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ekografiak-en nire zortzigarren testua da honakoa, eta sinesgaitza iruditzen zait hain gogoko dudan gaia oraindik zuekin partekatu ez izana. Mugikorreko «ikusi beharreko» fitxategi zerrenda amaigabera jotzen dudan bakoitzean, eta zer ikusi erabaki behar dudan unean, gehienetan lehen aukera gisa hautatzen dudan generoari buruz ari naiz: True Crime-a. Definizio labur batekin azaltze aldera, dokumental formatuan krimen bat aztertzen da, normalean gertakari horretan parte hartu duten pertsonen elkarrizketak ardatz hartuz, eta, askotan, gertaera horren inguruko kazetaritza ikuspuntu bat emateaz gain, ikertzaile lanak ere egiten dituzte. Zirrara sentitzen dut mundu osoan gertatzen diren kasu ilun eta korapilatsuak aurkitzen ditudan bakoitzean.

Estreinatzen diren ia guztiak ikusten ditudan arren, aitortu behar dizuet azken bizpahiru urteotan iristen diren gehienak trakets samarrak direla. Modan daudenez, etengabe ari dira formatu hau ekoizten, eta, sarritan, kalitate maila zalantzagarria izaten dute. Datuak gainetik aztertuz gero antzeman daiteke 2015etik aurrera hasi zela gorakada hau, eta ziurrenik, horren erantzuleak Making a Murderer eta The Jinx bikainak izan ziren. Biak urte horretan estreinatu ziren, eta ordura arte era honetako beste dokumentalek izan ez zuten arrakasta, kritikarien adostasuna eta oihartzun mediatikoa lortu zuten. Biak ala biak mugarri izan dira generoaren barruan. Etekinak eta harpidetzak bereganatzeko helburuz, ordea, True Crime-en ekoizpen kopurua nabarmen igo da. Ondorioz, eduki kaskar ugari estreinatu da, eta neketsua da ganorazko lanak topatzea.

Berriki The Curious Case of Natalia Grace ikusi dut, eta zinematografikoki arrunt samarra iruditu zaidan arren,zur eta lur geratu naiz kasuarekin. Hollywoodeko edozein gidoik nahiko luke horrelako istorio bat. Premisa honakoa da: Barnett familiak gaixotasun arraro bat duen Ukrainako 6 urteko haur bat adoptatu du. Gaitzak hezurren hazkundeari eragiten dio, eta nanismoa eragin dezake. 6 urte dituela esan dieten arren, hilabete batzuk geroago, eta ustezko hainbat gertakari ilun tarteko, emakume heldu bat dela susmatzen dute. Lehen atalean ikusten dena azaldu dizuet soilik, eta sei ditu guztira, beraz, pentsa. Ez sinestekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.