EKOGRAFIAK

Aurkezleak, kolaboratzaileak

Miren Manias -

2019ko irailak 11
Telebista kateen denboraldi berrietan oso ohikoa da jarleku festa. Adibidez, La Sextako LaSexta noche saioan, Iñaki Lopez aurkezlearen laguntzaile —haren emaztea da— Andrea Ropero kazetaria ordezkatu dute. ETB2ko El Sabor del crimen tartea gidatzen ere ikusi dugu Ropero, eta El Intermedio-n arituko da orain. Lopez, baina, ez da bakarrik geratu. Lagun berria ipini baitiote aldamenean: Veronica Sanz kazetaria. Kolaboratzaileen artean ere bada berritasunik: besteak beste, Lorena Berdun sexologoa eta Ramoncin musikaria batu dira. Seguru asko aurpegi horiek ezagun egingo zaizkie saioa jarraitzen duten askori.

Kate bereko Zapeando programak ere aldaketa ugari jasan ditu. Aurkezle nagusia eta hainbat kolaboratzaile ordezkatu baitituzte. Carmen Ferreiro Atresmediako entretenimendu arduradunak dioenez, aurpegi eta atal berriak txertatzearen helburua da «ikuslea harritzea». Baina gehiegizko aldaketek kritika andana jaso dituzte sare sozialetan eta saioaren jatorrizko dinamika berreskuratu dute. «Telebista egiten dugunok ikusleei zor diegu eskaintza. Saio batek aldaketak behar dituela uste bada, proba egiten da, eta gehiengoak gustuko ez dituela esaten badizu... atzera egin behar duzu, eta aldaketekin jarraitu».

Beste aukera bat da aurkezleak ez aldatzea. Hau da, zerbaitek ondo «funtzionatzen» badu, zertarako aldatu? Hori egin dute, hain zuzen ere, ETBko albistegien denboraldi berriarekin. Platoen itxura zerbait berritu den arren, «euskal ikus-entzuleen konfiantzari» eutsi nahi diote aurkezle nagusiak aldatu gabe. ETBko gaztelaniazko albistegiek 13,9 puntu gehiago lortzen dituzte euskarazkoek baino. Ez dago ezer aldatu beharrik, beraz?

Ikusleak kalitatea eskatzen du, nagusiki. Ondo dakite hori ETBko Ahoz aho saioan. Ia bi hilabeteko atsedenaren ondoren, ikasturte berria hasi zuen astelehenean. Berritasun gutxi daude. Gaiaren arabera, datozen egunetan kolaboratzaile berriak ikusiko ditugu, agian. Baina gaurkotasuneko gaiak dira zutabe nagusiak, oraindik ere. Eta eskerrak. ETB2ko ordu horretako eskaintzarekin alderatuta, plazera da aurkezlea zein kolaboratzaileak (gora emakumezkoen presentzia!) tonu ezin egokiagoan Hondarribiko alardeaz edo brexit-az eztabaidatzen entzutea; oihurik gabe, batak bestea zapaldu gabe. Euskaraz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna