Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Utopiak

2019ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Bi hilabete ere ez ditu egin Ekografiak idazten hasi nintzenetik, baina nik uste, nahikoa izan dela bereziki fikzioa kontsumitzen dudala jakiteko. Hori dela eta, noizean behin, gustuko ditudan telesail ezberdinez hitz egin nahiko nizueke. Gaur nire telesail kutuna izan nahiko nuke hizpide: Utopia.

Utopia Dennis Kelly britainiarrak 2013an sortu eta idatzitako sei ataleko bi denboraldiz osatutako telesaila da. Bertan, sareko foro komikizale bateko bost erabiltzaileek bizitza errealean elkar ezagutzea erabakitzen dute. Anonimotasunetik irtetera eramaten dituen arrazoia ez da nolanahikoa: eromen eta zorigaizto kondaira batek biltzen duen egile desagertu baten The Utopia Experiments lanaren eskuizkribua eskuratu dute. Telesaila, zelai batzuk erakutsi ostean, komiki denda batean hasten da. Sarrerak irauten duen hiru minutu eta 52 segundoak nahikoa dira ikustear zaudena ezberdina eta berezia izango dela jakiteko.

Indarkeria (ez esplizitua, ia beti), abentura, misterioa, harremanak, paranoia (paranoia asko), markoetan jarri eta paretan zintzilikatzeko moduko pertsonaiak, umorea (iluna, oso), elkarte sekretuak eta soinu banda izugarri bat gainpopulazioaren inguruko hausnarketa kabroi baten mesedetan. Lehen denboraldia maisulan bat da. Badakit hitz arriskutsua dela, baina benetan diotsuet hori maisulan bat ez bada ez dakidala zer demontre den maisulan bat. Bigarren denboraldia ere bikaina da, baina lehengoaren mailan egotea ezinezko erronka zen hasi aurretik ere.

Ez nuke zutabe hau amaitu nahi Cristobal Tapia de Veer musikariak egindako lana aipatu gabe, Utopia-n, barruraino sartzen zaituen tresna nagusia soinu diseinu eta soinu banda baitira. Edozein eszena hasi bezain pronto, nahiz eta begiak itxita izan, badakizu zer ikusten ari zaren. Klima perfektua sortzen du ikusi behar duzunerako eta konturarazten zaitu musikak eta soinuek normalean duten baino garrantzi eta pisu handiagoa izan dezaketela edozein ikus-entzunezko lanetan.

Utopia lokala da, gainera; oso britainiarra, nahiz eta gai unibertsalez hitz egin eta mundu osoan eragina izango duen konspirazio batez ari zaigun. Euskaraz halako zerbait egin genezakeela errepikatu ahalko nizueke, baina ez dut astunegia izan nahi. Kaka, berriz esan dut, ezta? Barkatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.