Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Indartsu itzuli da

2019ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Bost denboraldi ez dira erraz betetzen egungo telebista ereduan. Esango nuke are zailagoa dela hizkuntza gutxituetan ekoizten diren saioen kasuan. Oro har, baliabide artistikoak, teknikoak eta ekonomikoak mugatuak izaten dituzte. Bestalde, audientzia datuen diktadurak malgutasun gutxi ematen die; izan ere, zenbaki txikien ondorioz kezkarik gabe kentzen dituzte hainbat saio interesgarri. Ez da ETB1eko Ur handitan saioaren kasua. Hain justu, atzo gauean eman zuten bosgarren denboraldiko bigarren atala: Aralarreko azken ausartak, artzaintzaren etorkizunaz.

Mikel Alvarezen astearteko Ekografiak irakurri ondotik, saioaren lehen atala ikusteko gogoa piztu zitzaidan. Zehazki, Kataluniako gatazka politikoaren gainekoa. Xabier Madariagak aurkezten duen tartearen lantaldeak prozesuaren sententzia jaso baino bost egun lehenago bidaiatu zuen Kataluniara. Xedea: bertako giroa, bizilagunen askotariko iritziak, sentimenduak, gogo-aldartea, etab. jasotzea. Besteak beste, Jordi Sanchez CDRetako kidearen eta preso politikoaren gurasoak, eta Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuaren arreba elkarrizketatu zituzten. Gogor hitz egin zuten jasotzen ari diren «zigorraz». Baita sententziaren zain egoteak eragin dien nekeaz ere. Etorkizun laburraz galdetuta, aldiz, beldurra, etsipena eta desenkantuaren moduko hitzak ere aipatu zituzten kameren aurrean.

Baleuko ekoiztetxearen saioa indartsu itzuli da. Lehen egunean jada tentsioa nabaria zen Kataluniako kaleetan. Ildo horretan, Madariagaren baretasun irmoa azpimarratuko nuke. Ez hari dagokionez bakarrik; gaiaren konplexutasuna aintzat hartuta, lehen atalaren tonua egokia da saio osoan, amaierako istiluak iritsi arte. Bartzelonako Prat aireportuko gatazka, hain zuzen. Alvarezek astearteko zutabean aipatu bezala, musikaren aukeraketak baretasuna laguntzen du. Baina baita edizio lanak ere. Horrez gain, elkarrizketatu onak harrapatu zituzten atalerako: Aritz Galarraga unibertsitateko irakaslea, Saioa Baleztena kazetaria eta Germa Martin CDRetako kidea.

Saioaren beste elementu garrantzitsu bat da emakumezkoen presentzia handia: Usua Garin zuzendaria; Haizea Pastor argazki zuzendaria; Ainhoa Zabarte, Joana Lasheras, Bea Manzanares eta Karolina Almagia erredaktoreak; eta Irati Alkorta ekoizlea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.