Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Historiaren barrunbeetan

2021eko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Artxiboko irudi errealen eta fikziozko irudi berrien bidez, europarrek AmerikanAbya Yalan esaten ikasi behar ote dugu? eta Afrikan egindako kolonizazioaren eta historiako beste gertakari bidegabe batzuen alderdirik ilun eta ankerrenen berri ematen du, luze, zabal eta zorrotz, Raoul Peck haitiar zinemagileak —I Am Not Your Negro filma— Exterminate all the Brutes (HBO, 2021) lau ataleko dokumental saio ikusgarrian.

Gure egungo mundua eta zibilizazioaren jatorria ezohiko ikuspuntu batetik ezagutzen laguntzen duen lana da, historia lezio luze eta zabala, taxuz dokumentatua eta zinemaren baliabideak ederki baliatuz modu atsegin eta entretenigarrian eskainia, historiaren berri istorio txikietako fikzioko irudien laguntzaz ematen baitu, ikusleari historiaren barrunbeetan sartzen ari delako irudipena transmitituz. Nolanahi ere, ohartarazi beharra dago off-eko ahotsak gidatzen duela kontaketa eta historiak, dokumentazioak, datuek —ondo landutako irudien laguntzaz betiere— dutela pisu nagusia, fikzioaren eta istorioen gainetik.

Irudirik zirraragarrienen artean nabarmentzekoak dira, laugarren eta azken atalean, Faxismoaren kolore distiratsuak aztergai dituenean, Auschwitz II-Birkenauko kontzentrazio eta suntsiketa esparrua izandakoaren gaineko hegaldikoak, filmari erremate indartsua ematen baitiote, faxismoaren ankerkeriaren berri emanez, zuzenean adierazitakoarekin baino gehiago zeharka iradokitakoaren bidez.

Gure artean zabalduta dauden aurreiritzi batzuen aurkako antidoto ederra da atal batzuetan Pecken dokumentala, eta gure gaurko mundua hobeto ezagutzeko eta ulertzeko tresna ere bai, ikuslea gehiegi nekatu gabe harrapatzeko ondo pentsatu eta landutako tresna erakargarria izateaz gainera.

Era guztietako krimenen zerrenda luzea eta lazgarria aurkituko du ikusleak —Unai Elorriagaren Iazko hezurrak eleberria etorriko zaio gogora horregatik—, ezin esan munduaren ikuspegi atsegin eta baikorra ematen duenik, baina beharrezko ohartarazpenak egiten ditu iragana etorkizun hobe batera bideratzeko. Beldur naiz lan honen gisakoak ikusteko premiarik handiena dutenen artean gutxi izango direla ikusiko dutenak, baina edonori gomendatzeko modukoa da Exterminate all the Brutes.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.