Lander Arretxea.

Franco alemanez

2021eko urriaren 20a
00:00
Entzun
Basque Culinary Center, Urdaibai Bird Center, Itzulia Basque Country. Gero eta zabalduago dago Euskal Herriko erakunde eta abarrei ingelesezko hitzak ipintzeko joera zentzugabea. Baina izengintzarako ardurarik ez dugun gizabanako arruntok ere ez gaude tamainako lelokerietatik libre. Nik neuk, esaterako, badut nire ibilbidetxoan orban iluna: ingelesez ikasi nuen, batxilergoan, historiako ikasgaia. Noiz eta behingoz gertukogertakizunei begira jartzea zegokigunean. Barregarria da emaitza: baldar samarra naiz ingelesarekin, eta hutsune nabarmena dut Euskal Herriko eta Espainiako historiaren ezagutzan.

Horregatik egin zait tentagarria ezustean Netflixeko ikusienen artean sartu den dokumental sailari begira jartzea: Die wahrheit über Franco du izena, eta susmatuko zenuenez, Francoren diktadura du aztergai, Francisco Francorena. Alemanian —eta alemanez— ekoitzia; eta beste hizkuntzetara itzuli ez badute ere, nahikoa izan dira jakin-mina eta gaztelaniazko azpitituluak milaka lagunen arreta bereganatzeko.

Adituagoen begiradatik izango ditu makina bat hutsune; baina Kursaaleko zubia gurutzatzen zuten tankeen aurrean agur faxista egiten zuten zientoka donostiar ikusteak eragin didan asalduragatik besterik ez bada ere, merezi izan du ikustea. Horregatik, eta bi ondorio ekartzeko parada eskaini didalako.

Lehena, agerikoa bezain egia. Espainiako biztanle helduen gero eta zati handiagoak ez zuen Franco ezagutu. Ulertzekoa da halako edukiek pizten duten jakin-mina. Bizi izan zutenentzat ebidenteak diren kontuak ere, erabat urrunekoak dira gazteagoentzat; eta Alemanian ekoitzia dela-eta nolabaiteko neutraltasuna aitortu dio askok. Kasu: Euskal Herrian ere, ETA, GAL eta euskal gatazkarekin, oro har, gauza bera gertatuko zaigu laster. Alemaniarrik etorri beharrik gabe, hori kontatzeko bideak aurkitu beharko ditugu.

Eta bigarrena, azpitituluei dagokiena. Lan neketsua eta aspergarria da ekoitzitako lanei hainbat hizkuntzatako azpitituluak jartzea, baina dokumental sail honekin jazotakoak erakusten du horren potentziala. Adibide bat: zenbat Ur handitan ote daude beste edozein hizkuntza hitz egiten duen jendeak ikusteko modukoak direnak? Zenbat ikusle galtzen ditugu aukera hori gabe?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.