Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Fikzioa

2021eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
«Fikzioa garestia da». Mantra errepikatuegia da, segun eta noren ahotik datorren, aitzakia usaina baduena. Baina bada egia ere. Filmak edo telesailak egiteko, jende askoren lana beharrezkoa da, eta egindako lana kobratzeko kapritxoa dugu gehienok. Zer esan nahi du horrek? Fikzioa egin nahi duenak diru gehiago duen beste norbait limurtu beharra duela —izan erakunde publiko, izan plata- forma—, erakutsi behar dizkiola bere ideiaren bertuteak, eta sinetsarazi behar diola baietz: errentagarria eta berritzailea izango den zerbait dagoela hor, txosten eta gidoi-zirriborro horietan.

Fikzioaren lehen fasea sedukzio ariketa da, eta hor, proposamen efektibistek eta gai oportunistek errazago egiten dute bidea; edo, hitz xeheagoekin esan nahi bada, emozioz beteriko istorio epikoek. Apenas dago bizitza arruntari ertz berrietatik begiratzen dioten lanentzako tarterik. Baina aldatzen ari da joera. Diru hori jartzen dutenak atenditu beharreko belaunaldi berri bat —eta harekin merkatu berria— badela ohartu dira antza: azken bizpahiru urtean antsietateak eta garaien likidotasunak zeharkatzen dituen heldu nerabetuen istorio mordoa ari gara ikusten.

Belaunaldi baten zati jakin bat ordezkatzen dute soilik. Baina badituzte ikusleak, eta, besteak beste, sortzaile gazteagoek bidea hasteko arrakala ari dira izaten. Interesgarriena, ordea, ez da gu identifikatua sentitzeko moduko pertsonaiak eta gatazkak irudikatzean egiten duten ekarpena; ezpada hori egiteko aurkitzen tonua, erritmoa, ahotsa. Zerocalcare komikilariaren Strappare lungo i bordi telesail laburra da horren adibide berri eta deigarriena, eta ez marrazki bizidunez osatutako lana delako bakarrik.

Bizitza ezin arruntago baten gorabeherak kontatzen ditu, baina narratzaile zoro bezain irudimentsu baten ahotik, erritmo bizi-bizian, eta gertaera zehatzak bainoago, protagonistaren pertzepzio esajeratua irudikatuz. Pantailan ikusten dugun horrek pertsonaiaren izaera kaotiko eta kontraesanezkoa erakusten ditu. Badu batere arrunta ez den dohai handi bat: errealismo magiko gaurkotu gisako horren bidez, belaunaldi baten —edo zati baten— bizipenekin eta minekin bete-betean konektatzen du; ziurrenik, errealitatea ahal bezain fidelki irudikatzeko egiten diren saiakerek baino gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.