Euskal Herriko puntako gaztagileak bilduko dira bihar Idiazabalen

Euskal Herriko Artzain Gazta Txapelketa egingo dute, eta 40 gaztagile lehiatuko dira

Elgoibarko Mausitxa baserria izan da azken bi ekitaldietako irabazlea. ARIANE VIERBÜCHER / GOIERRIKO HITZA.
Jone Bastida Alzuru.
2019ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Euskal gaztagileen eta gazta zaleen bilgune bilakatuko da bihar Idiazabal (Gipuzkoa). Izan ere, Euskal Herriko Artzain Gazta Txapelketa egingo dute bertan. Horrez gain, bigarren urtez jarraian, Baserritarren Eguna ere egingo dute, eta biak bat eginda osatuko dute egun osoko festa. Artzain Gazta elkarteak, Idiazabalgo Abeltzainen elkarteak eta Idiazabalgo Udalak elkarlanean antolatu dute eguna, eta giro «ederra» egongo dela espero du Belen Landa Artzain Gazta elkarteko kideak: «Askotariko ekintzaz gozatzeko aukera izango da. Uste dugu jende asko bilduko dela. Giro polita sortuko da».

Nafarroako, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 40 gaztagile lehiatuko dira Gazta Txapelketan: lurralde bakoitzeko hamar onenak, hain zuzen. Elgoibarko Mausitxa baserria izan da azken bi ekitaldietako irabazlea, eta hark irabazi du Legazpin jokatutako aurtengo Gipuzkoako Artzain Gazta Txapelketa ere, Euskal Herrirako lehiaketara sailkatzea lortuz. Landak, ordea, uste du faboritorik ez dagoela: «Lehia handia dago. Edonork irabaz dezake; erabat irekia izango da». Txapelketa horretara ekarritako gazta sortek ezin dute beste lehiaketa batean parte hartu; hau da, «espresuki» Euskal Herriko Txapelketan parte hartzeko hautatzen dituzte gaztagileek. Horrek lehia «estuagoa» izatea dakarrela dio Landak.

Idiazabal sor-markako dastatzaile ofizialek ebatziko dute zein den guztietan onena, eta, horretarako, hainbat ezaugarri hartuko dituzte kontuan: forma, zaporea, itxura, testura eta beste. Guztiak batuta, puntu gehien lortzen duena izango da irabazle. Bestalde, festara joaten direnek izango dute gazta horiek dastatzeko aukera, baita epaitzekoa ere; sari berezia emango diote jendeak aukeratutako gaztari. Horrez gain, haurrentzako gazta dastaketa herrikoia ere egingo da.

Lehen sektorea indartuz

Goizean goizetik ekingo diote festari. Baserritarren lana eta haien bizimoduari balioa emateko helburuarekin antolatzen dute Baserritarren Eguna, lehen sektorearen «erakusleiho» izateko asmoarekin. Horrela, herriko abeltzainen ganadu erakusketarekin hasiko da festa, 10:00etan, pilotaleku zaharrean: ardiak, behiak, behorrak eta ahuntzak egongo dira ikusgai. Herriko plazan, berriz, bertako ekoizleek postuak jarriko dituzte, eta haien produktuak ikusi eta erosteko aukera izango dute bertaratutakoek. Garai bateko eta egungo baserrietako lan tresnen erakusketa ere jarriko dute areto futboleko zelaian. Txistularien kalejirak girotuko du jai hasiera.

Gero, 11:45ean, gazta egite erakustaldia egingo dute plazan, eta, ondoren, artaldea pasatuko da herrigunetik. Kirolarentzat ere egongo da tokia. Herri kirolen erakustaldia egingo baitute Txomenamen. Azkenik, herri bazkaria egingo dute bertako txekorrarekin.

Gazta sakonago ezagutzeko aukera ere egongo da. Izan ere, ohikoa den bezala, Gaztaren Interpretazio Zentroko ateak egun osoan irekita egongo dira bisitarientzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.