gorka julio
IRLEN SAREA

'Cyberpunk 2077'

2020ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Hurrengo astean aterako den bideo jokoa eguberrietako salduenetakoa izango da. Cyberpunk mugimenduaren berpizte bat ere ekar dezake. Bideo jokoa bikaina izango da ziurrenik, hasieran suerta daitezkeen ohiko akatsak ondo kudeatzen asmatzen badute, behintzat. Hainbat atzerapenen ondoren dator. Horregatik, publikoak desiraz itxaroten du.

Cyberpunk mugimenduak eragin kultural, estetiko, politiko... handia izan du gure jendartean. Zientzia fikzioan katalogatu bagenezake ere, cyberpunk generoak zibernetika eta punka batzen ditu, eta distopia ugari aurreikusi zituen. Lan horietan teknologia, adimen artifiziala, informatika, Internet eta robotika bezalako gaiak jorratzen dira. Korporazio handiek botere handia duten jendartea, atmosfera kutsatuak eta letra txinatarrak dituzten neoizko argietan labur daiteke, baina hori baino askoz gehiago izan da.

Izan da, cyberpunk-a etorkizuna baino iragana baita. 2077ra etorkizun posible horren ortzimuga urruntzeak ez du errealago egingo; nahiz eta bertan aipatzen diren etorkizun distopikoetako asko oso errealak diren gaur egun. Korporazio handiek duten indarra, adibidez, gero eta argiagoa da, baina auto hegalaria (edo nahiago garraio publiko hegalaria) itxaroten jarraitu beharko dugu.

Jada zaharrak diruditen eta gainetik kendu ezin ditugun Blade runner estiloko etorkizunak, zetorkizunak dira guretzat. Iragana badira ere, oraindik harribitxiak topa daitezke, bere literaturan. Topatu dudan azkena, Bruce Sterling-en Su sakratua (1998): XXI. mendearen amaieran, konplexu mediko-industrial indartsua da nagusi munduko ekonomian, eta bizitzaren luzapena helburu duten teknologiak dira nagusi. Boterea gerontokrazia baten esku dago eta gazteek beren bizitza guztiz kontrolatua dute... Horixe gaia, pandemia baten osteko mundu batean eta transhumanismoaz, jendarte kontrolaz eta konplexu mediko-industrialaren botereaz eztabaidatzen ari garen unean irakurtzeak egunerokotasun handia duen arren.

Cyberpunk mugimenduak etorkizun distopikoen kontrako ohartarazpen bat egiten zuen. Mugimendu horren berpizkunde bat bainoago, elkarlaguntzan, ingurumenarekiko beste harreman batean eta komunitatean eraikitako etorkizunak pentsatzeko gai den mugimendu kultural, estetiko, politiko... bat behar dugu; zor diogu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.