Bollain, Leon de Aranoa, Plaza eta Truebaren lanak Sail Ofizialean

'Maixabel' filma Donostiako 69. Zinemaldiaren Urrezko Maskorrerako lehian izango da. Mikel Gurreak Zabaltegi-Tabakalera sailean erakutsiko du 'Heltzear' euskarazko filma

Haizea Oses aktorea 'Heltzear' filmean. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Ane Delgado Aldabaldetreku.
2021eko uztailaren 31
00:00
Entzun
Donostiako 69. Zinemaldiak jaialdian parte hartuko duten beste hamalau film hautatu ditu. Espainiako, Euskal Herriko, Galiziako eta Kataluniako ekoizleek egindako zenbait pelikularen berri eman zuten atzo. Horien artean daude Maixabel, Iciar Bollainek zuzendu duen euskal ekoizpena, eta Mikel Gurrearen Heltzear euskarazko film laburra.

Maixabel lana Maixabel Lasaren bizipenetan dago oinarrituta. Kontatzen du nola 2000. urtean ETAko talde batek hil zuen haren senar Juan Mari Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibila izandakoa. 11 urteren ostean, berriz, tiroa egin zuen ETAko kide ohiak emakumearekin aurrez aurre hitz egitea eskatuko du. Blanca Portillo, Luis Tosar, Bruno Sevilla, Urko Olazabal eta Maria Cerezuela aktoreek egiten dute lan film horretan.

Bollainen lanaz gain, Sail Ofizialeko lehian parte hartuko duten beste film batzuen berri ere eman dute: Fernando Leon de Aranoaren El buen patrón, Paco Plazaren La abuela eta Jonas Truebaren Quién lo impide.

Paco Plaza zuzendariaren La abuela filma ikustera joango direnek Susana ezagutuko dute. Protagonistak Parisen modelo gisa zuen bizimodua bertan behera utzi, eta Madrilera itzuli behar du, amona Pilarrek garuneko odol isuria izan berri duelako. Urte batzuk lehenago, Susanari gurasoak hil zitzaizkionean, amonak zaindu zuen neskatoa, alaba izango balu bezala. Orain, Susanak Pilar zainduko duen norbait aurkitu behar du, baina hasierako plana, amonarekin egun gutxi batzuk ematea, amesgaizto bihurtuko da.

Fernando de Aranoak zuzendutako El buen patrón filmak Javier Bardem aktorea du protagonista. Basculas Blanco, probintziako hiri batean balantza industrialak ekoizten dituen enpresa, zain dago enpresa bikaintasunaren toki saria ematen duen batzorde bat noiz etorriko: denak ezin hobeto egon behar du ordurako. Alabaina, dena enpresaren kontra jartzen da, eta Blancori (Bardem) oso denbora gutxi geratzen zaio bere enpresari galdutako oreka itzultzeko: langileen arazoak konpontzen saiatuko da, eta edozertarako prest egongo da hori lortzeko.

Jonas Truebaren Quién lo impide filma asmo aitortza bat da, izenburutik hasita. Nerabezaroari eta gaztaroari buruz dagoen pertzepzioa aldatzeko dei bat da; XXI. mendearen hasieran jaio eta 2020an adin nagusitasunera iritsi zirenena; orain guztiaren errudun diruditen baina itxaropenak murrizten ari zaizkien horienak. Dokumentalaren, fikzioaren eta lekukotasun erregistro hutsaren arteko lan horretan nerabe gazteak diren bezala azaltzen dira, baina gutxitan azaldu ohi diren moduan: zinema kamera baliatzen dute euren alderdi onena erakusteko eta etorkizunarekiko konfiantza itzultzeko.

Sail berean baina lehiaz kanpo, Manuel Martin Cuencaren La hija; Alejando Amenabarren La fortuna telesaila; Carlos Sauraren Rosa Rosae. La Guerra Civil film laburra inaugurazio ekitaldian parte hartuko duena; eta Daniel Monzonen Las leyes de la frontera Zinemaldiari amaiera emango diona erakutsiko dituzte.

Horizontes Latinos sailerako, berriz, Piedra noche hautatu dute, Ivan Fund argentinarrak zuzendu duen lana. Argentinaren, Espainiaren eta Txileren arteko koprodukzio bat da. Semea galdu duten guraso batzuen dolua kontatzen du.

Euskarazko film labur bat

Zabaltegi-Tabakalera sailak euskarazko film bat hartuko duela ere jakinarazi dute jaialdiaren antolatzaileek. Veneziako Zinema-jaialdiko Orizzonti saileko film laburren lehiaketan parte hartu etagero, Donostiako Zinemaldian izango da Heltzear, Mikel Gurreak zuzendutako lana. 2021eko Kimuak katalogoan ere hautatu dute. Filmak indarkeria politikoko testuinguru batean nork bere mugak gainditzeari buruzko istorio bat kontatzen du. Donostian kokatua dago, 2000. urtean, euskal gatazka oraindik pil-pilean zegoenean. Haizea Oses, Mikel Arruti eta Oier de Santiago dira protagonistak. Sara (Haizea Oses) 15 urteko eskalatzailea da, eta hurbil ez duen nebari gutun bat idazten dion bitartean, bere bizitzako maila igoerarik gogorrenerako ere prestatuko da.

Horrez gain, sail berean erakutsiko duten beste lan baten berri ere eman dute: Eles transportan a morte, Helena Giron eta Samuel M. Delgadoren lana. XV. mendean kokatu dute istorioa, Amerika kolonizatu zutenean. Galizieraz eta gaztelaniaz egin dute.

Perlak atalean, berriz, Competencia oficial filma emango dute. Mariano Cohnek eta Gaston Dupratek zuzendu dute pelikula hori, eta Nagore Aranburu eta Koldo Olabarri euskal aktoreek hartu dute parte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.