Santikutzak Legazpin

Musikaren soinua, gaueko bertso doinu

Legazpiko bertso eskolako kideek 'Soinu onak... oinak doinu' bertso musikatuen saioa egingo dute asteartean, herriko jaiak hasteko

Duela bi urteko Soinu onak... oinak doinu saioa, Legazpiko txosnetan. ASIER IRIONDO / GOIERRIKO HITZA.
Andoni Imaz.
2019ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Festa giroan egiten diote ongietorria maiatzari Legazpin (Gipuzkoa), eta ekitaldiz bete dute datorren aste osoa. Maiatzaren 3a da Santikutz eguna, eta herritarrek haren bueltan ospatzen dute jai nagusia. Egun handiaren bezperan egingo dute herri danborrada, ostegunean; jaietako ekitaldi nagusia da, eta bertako zuzendari Cesar Carvallok izango du asteartean ospakizunari hasiera emateko ardura. Arratsaldean txupinazoa botata, festak hartuko du Legazpi.

Herriko eta inguruko musika taldeen emanaldiek, haurrentzako ikuskizunek eta urteroko ekitaldiek osatzen dute egitarau zabala. Itxuraldatuta eta berrituta bada ere, Bertso Olariak bertso eskolak badu lekua Santikutz jaietan, eta, aurten, hirugarrenez, Soinu onak... oinak doinu bertso musikatuen emanaldia egingo du txosnetan, astearte iluntzean.

Ane Beloki bertso eskolako kidearen hitzetan, «Aspaldiko kontua» da herriko bertsolariak jaietan kalera ateratzearena, baina denborarekin aldatu egin da haien proposamena. «Lehen, musika ekipamendua ateratzen genuen kalera, taldeka bertso batzuk sortu eta tabernaz taberna kantuan aritzeko».

Txosna bete bertso

Kalean trago artean aritzea ez da aukerarik onena izaten beti, eta hala ikusi zuten Bertso Olariakeko kideek. «Nor bere kasa egoten zen tabernetan, eta, eguraldi txarra egiten bazuen, ez zen inor egoten». Horregatik erabaki zuten jaietako saioa beste formatu batera eramatea.

Aurten, hirugarrenez ariko dira formatu berrian, agertoki gainean: dozena bat bertsolaritik gora eta zortzi bat musikari, plaza ondoko txosnetan. Musikak garrantzi handiagoa hartu du azken urteetako emanaldietan: «Lehen, gitarra eta saxoa zeuden, eta orain, berriz, bateria, baxua, gitarra, biolina, soinua eta tronboia».

Saioaren funtsa, ordea, ez da askorik aldatu: taldeka elkartzen dira, «banaka ibili baino hobe izaten delako», eta talde bakoitzak hiru kanta edo bertso sorta abesten ditu. Kalean kantatzetik txosnetan aritzera badago aldea, eta Belokik uste du orain hobeto funtzionatzen duela: «Ez dakit kasu egiten duten ala ez, baina bete egiten da, eta giro polita egoten da».

«Denborarekin» hasi ziren bertso eskolako kideak astearteko saioa prestatzen. Aurrena, bertsotan aritzeko egokiak diren kantak aukeratzen dituzte, eta, gero, horien arabera osatzen dituzte taldeak, «aliritzira». Martxo bukaeran hasi ziren entseatzen, eta, ordutik, noizean behin elkartu dira bertsolariak musikariekin.

Halere, festetakoa ez da Bertso Olariak bertso eskolak egiten duen ekitaldi bakarra. Hamasei kide inguruk osatzen dute taldea, eta eskolak emateaz arduratzen dira. Gainera, saio batzuk prestatzen dituzte urtero: bertso afaria otsail edo martxo aldean, poteoa iraileko Santikutz Txikietan, eta herriko zinema aretoko ekitaldia azaroan. «Gazte aldetik ondo» ikusten du Belokik Bertso Olariak; beraz, Legazpin izango dute segida, festa garaian zein hortik kanpo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.