Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Trantsizioko haurtzaroa

2021eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Heldua izan baino lehenago identitatearen inguruan galdera asko sortzen zaizkigu nerabezaroan eta haurtzaroan. Gure gogoko gauzak zeintzuk diren jakiten dugu, eta gustatzen ez zaizkigunak ere bai. Identitatea sortzen den bitartean ume batzuek beren sexu-identitatea zalantzan jartzen dute eta beste batzuek argi dute jaio diren generoa berea ez dutela. Gorputza garatzen den bitartean, ume horiek haien gorputzarekin gatazkan hasi daitezke. Hori saihesteko hormonak blokeatzeko botikak txertatzen hasi daitezke. Prozesu horren alde eta kontrako iritzi asko entzun dira azken urteetan, baina umeen inguruan hitz egin baino lehenago, umeen bizipenak entzun beharko genituzke.

Trans umeen eta nerabeen errealitatea erakusten digu Sharon Liese zuzendariak Transhooddokumentalean (HBO). Dokumentalaren hasieran, protagonistek 4, 7, 12 eta 15 urte dituzte eta AEBetako Kansas hirian bizi dira. Bost urtean zehar (2014-2019), haur horien bizitza eta aldaketak grabatu dituzte, eta dokumentalaren hasieran esaten den bezala, trans prozesu bakoitza bakarra dela argi geratu da.

Phoenix, protagonista txikiena «neska-mutila» bezala aurkezten da hasieran. 4 urterekin bere gurasoen babesa du nahi duen bezalakoa izateko. Soinekoak janzten ditu eta ile luzea uzten du. Urteak pasa ahala, Phoenixen egoera aldatuko da, eta mutila dela adieraziko du. Familiarentzat gatazka bat izan zen Phoenixen transexualitatea, ez da ondo ulertzen zer gertatu zaion txiki horri, baina bost urte pasatu ostean, ahaztu egiten du 4 urterekin nahi zituen arropa eta generoa.

Averyren ama trans pertsonen eskubideen aldeko aktibista bihurtu da bere alabak neska zela esan zioenetik. Averyren irudia National Geographic-en azalean agertu zen, eta horren ondorioz, nahiko ezaguna egin zen. Horrek arazoak ere ekarri zizkion, baina bere identitatearekin pozik jarraitzen du.

Jay 12 urteko trans mutikoa da. Bere amak ahal duen guztia egingo du bere semea den bezalakoa sentitzeko eta bere zoriontasuna izango da bien ardura. Leena, aldiz, 15 urteko neska da eta hormonak hartzen hasi da jada. Bere gurasoen babes guztia du eta sexua berresleitzeko kirurgiaren zain dago. Istorio horietan erabakitzeko askatasuna da gakoa, eta hori da denok defendatu beharko genukeena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.