Albistea entzun

Motxila 21ek piztuko du festa

Iruindarrek rock talde inklusiboa hautatu dute sanferminetako txupinazoa botatzeko
Udaletxeko balkoian taldeko hamabi kideentzako tokia egiteko eskatu zioten Asiron alkateari atzo Motxila 21 taldeko musikariek.
Udaletxeko balkoian taldeko hamabi kideentzako tokia egiteko eskatu zioten Asiron alkateari atzo Motxila 21 taldeko musikariek. IDOIA ZABALETA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Kerman Garralda Zubimendi -

2018ko ekainak 23

Aurtengo sanferminetako txupinazoak badu protagonista: Motxila 21 rock talde inklusiboa. Downen sindromea duten hamabi gaztek osatzen dute Motxila 21, baina Leire Zabaltza eta Ibai Ganuza izango dira suziria pizteko arduradunak. Adimen urritasuna duten guztien omenez jaurtiko dute txapligua. Hala adierazi du Ainhoa Lizarraga Motxila 21eko akordeoilariak: «Txupinazoaren argazkia oso garrantzitsua izango da munduari esateko Downen sindromea dutenak gizartearen parte aktibo bat direla».

Ganuzak azaldu du orain arte beti telebistaz ikusi izan duela txupinazoa. «Udaletxe plaza ez dago ezinduentzat pentsatua, eta, horregatik, guretzat zaila da udaletxeko plazara sartzea. Baina, aurten, udaletxeko balkoitik indarrez oihu egiteko aukera izango dugu». Musikariek aitortu dute urduri daudela, baina harro eta irrikaz agertu dira.

«Jakin dudanean txupinazoa botatzeko hautatu gaituztela, negar egin dut zirraraz. Iruindarrontzat oso une garrantzitsua da txupinazoa», nabarmendu du Lizarragak. «Hautagaien artean egotea sari bat zen guretzat. Zer esanik ez hautatuak izatea. Sekulakoa da». Motxila 21 taldeak eskerrak eman dizkio Iruñeko Txistulari Alardeari; izan ere, haiek proposatu zuten rock taldea txupinazorako. Era berean, euren aldeko botoa eman duten herritar guztiei ere eskerrak eman dizkiete.

5.098 boto jaso ditu Motxila 21en hautagaitzak, botoen %42. «Hirian oso maitatuak garela sentitzen dugu. Txalo eta zorion mezu asko jaso ditugu, oilo ipurdia jartzeraino», esan du Lizarragak. Denera, bozketan, 12.213 boto izan dira: inoizko parte hartzerik handiena izan da. Gainerako hautagaiak Rastrojo unaia, Nafarroako Chrisallys eta Artearen Lagunak izan dira.

Bilakaera handiko taldea

Iruñeko Udalak herritarren esku utzi du, hirugarren urtez, txupinazoa nork botako duen erabakitzeko ardura, eta urtetik urtera handiagoa da parte hartzea. «Oso albiste ona da. Datuek erakusten dute Iruñean osasun ona duela parte hartzearen kulturak», azaldu du Joseba Asiron Iruñeko alkateak. Iazko datuekin alderatuta, %24 handitu da boto kopurua.

Asironen iritziz, kontzientziazio eta gizarteratze arloan lan handia egin dute taldeko kideek. «Musikarekin eta taula gainean agertzen duten poztasunarekin, mezu indartsua helarazten diote gizarteari», eta aitorpen hau «sobera» merezi dute.

Down Sindromea Elkartearen eskutik sortu zen Motxila 21 taldea 2005. urtean, «musikaren bidez ongi pasatzeko, komunikatzeko eta hunkitzeko». Hasieran proiektu xumea zela dio Lizarragak, baina haziz joan da urtez urte. «Musika munduan sartuta zeuden, baina indibidualki. Ez zegoen talderik, eta horregatik hasi ginen. Lehen kontzertua 2006. urtean jo genuen, abesti bakarrarekin. Orain, ordubete pasako errepertorioa daukagu». Bidean, ehun kontzertu baino gehiago eman dituzte, batzuk atzerrian, eta El Drogas eta Kutxi Romero musikariekin ere izan dira agertokian.

No somos distintos lelopean (Ez gara desberdinak), disko bat ere argitaratu zuten 2012an. Atzo argi utzi zuten laino artean argia bilatzen segituko dutela, «munduari erakutsiz ez garela desberdinak».

Aurten, atseden hartzeko asmoa dute. «Iaz saio asko izan genituen, eta nekatuta amaitu genuen. Azken finean, Motxila 21 intentsitate handiko motor bat da», azaldu du Lizarragak. Udako kontzertuei uko egin diete; besteak beste, sanferminetan jotzeari. «Txupinazoarekin nahikoa izango dugu aurtengo festetan», esan du Lizarragak, barrezka.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Kapsula, atzo, Lurrera heldu berritan. ©NASA

Zer kontatuko dute NASAk Bennu asteroidetik ekarritako harri-hautsek?

Edu Lartzanguren

Houstonera (AEB) eraman asmo zituzten gaur, hegazkin berezi batean, igandean OSIRIS-REx misioak jasotako laginek. 233 zientzialariren artean banatuko dituzte, biziaren jatorria ikertzeko

 ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Ardiek agintzen didate zein erritmotan ibili behar dudan»

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Urtean bitan, sei egunez, Ballentek oinez eramaten ditu bere 1.600 ardiak zaraitzuarren abelbidean barrena. Abeltzaintza estentsiboaren kudeaketa eskasaz kexu da: «Hau bukatzea da modu bakarra ohar daitezen aldatu egin behar dela».
Jai giroan omendu zuten Mikel Martin. Musika eta kolorea izan ziren eguerdiko kalejiran. ©ERIK GARTZIA EGAÑA / OARSOALDEKO HITZA

Omenaldia konplizeari

Amaia Jimenez Larrea

Mikelaldia egin dute Errenterian, Mikel Martin aktibista eta militantea gogoratzeko eta omentzeko egun osoko ekitaldi sorta, festa giroan. Duela sei hilabete hil zen.

 ©TV3 / BERRIA

«Etorkizuna zoragarri ikusten dut, eraldatzen ari baikara»

Urtzi Urkizu

Berriki berrogei urte bete dira TV3ek lehen emankizuna egin zuenetik. Grasek iragarri duenez, urriaren 25ean jarriko dute martxan 'streaming' bidezko plataforma berria: 3Cat.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...