Auzitegi Gorenaren epaia. Senideen adierazpena

Saminduta, baina irmo

Epaia jakin ostean, Marina Garces filosofoak ahotsa jarri die zigortuen senideei. Esan dute oinarrizko eskubideen defentsan lanean segituko dutela, minduta egon arren. Gobernua aldamenean izan dute

Marina Garces filosofoa, senideen izenean adierazpena irakurtzen. BERRIA.
gurutze izagirre intxauspe
Bartzelona
2019ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Preso eta iheslari katalanen senideek, modu adostuan zabaldu duten adierazpenean, esan dute irmo mantenduko direla oinarrizko eskubide eta askatasunen defentsan, saminduta egon arren. Marina Garces filosofoak hartu du hitza, denen izenean, adierazpenaren berri emateko .

Adierazi dute duela bi urte hasi zela zigorra, buruzagi independentistak atxilotu zituztenean edo, euren etxeak utzita, erbestera jo zutenean. Haien ustez, Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiak manifestaziorako, pentsamendurako, modu baketsuan elkartzeko eta askatasunez adierazteko eskubideak urratzen ditu, eta Garcesek esan du, norberaren ideologia edo pentsamenduetatik harago, herritar guztien aurkako zigorra dela horrenbestez.

Presoei ezarritako zigorren artean, espetxeaz gain, jarduera publikoan aritzeko inhabilitazioak azpimarratu nahi izan dituzte senideek, «aukera politiko bat estigmatizatu eta demokrazia ahultzen duelako». Nabarmendu dute, presoak eta haien senide eta lagunak zigortzeaz gain, disidentzia eta mugimendu independentista zigortu dituztela, «gezurren bidez existitzen ez diren delituak justifikatzen dituztelako».

Zuzenbide estatua auzitan jartzen du epaiak, senideen ustez, eta berretsi dute ezinbestekoa dela politikak elkarrizketarako bideak bilatzea, eta Espainiako Estatuari eskatu diote parlamentuan hitz egin beharrekoauziak auzitegietara eramateari uzteko.

Adierazpen laburra eta adostua izan da Garcesek irakurri duena, Kataluniako eskubide zibilen elkarteen eta preso eta iheslari katalanen senideen izenean. Iragarria zuten agerraldia egingo zutela, eta eguna eta ordua sententzia atera ostean jakinaraziko zituztela. Goreneko epaia atera ondoren, 12:00etan jarri dute ordua Plaza del Rein, Generalitatearen egoitzatik gertu. Une horretan Quim Torra Generalitateko presidentea adierazpen instituzionala irakurtzen ari zen Generalitatean, eta Plaza del Reira goizean izan diren manifestazio inprobisatuetako bat iritsi da. Garcesek hitza hartzeko zain zeuden zenbait lagun, eta denek batera, txalo artean, independentzia eta presoen askatasuna aldarrikatu dituzte. Pankarta zeramatenak baztertu orduko, biolontxelo baten doinuak hartu du plaza. El cant dels ocells (txorien kanta) jo du. Helikoptero baten zaratak bakarrik hautsi du biolontxeloaren doinua.

Torraren presentzia

Kantua amaitu denean, plazaren beste aldetik txalo zaparrada entzun da. Torra presidentea sartu da plazan, gobernuko kideekin, Roger Torrent parlamentuko presidentearekin, Artur Mas presidente ohiarekin eta beste zenbait diputaturekin batera, «president» oihu artean.

Garcesek hitza hartzeko asmoa zuen eskaileren parean jarri da ordezkaritza politiko guztia, eta herritarrek bete dute plaza. Garcesek amaitu duenean, txalo zaparrada jaso du, eta berriro ere musikariak El cant dels ocells jo du. Amaitzearekin batera agurtu da ordezkaritza politikoa, Kataluniako presidentea buru zela. Hark eskua luzatu dio lehenik Garcesi, eta biolontxeloa jo duen musikariari gero, «força, president» (eutsi gogor, presidente) batekin agurtu du musikariak lehendakaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.