TESTIGANTZA

«Gaixotasuna okerragotzeko beldur naiz, baina badakit horrela dela»

Gaixoei biriketako gaitasuna gutxituz joaten zaie gaitzak aurrera egin ahala. BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2016ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Bera bezala, asko dira euren gaixotasuna ezkutatu behar izaten duten langile edo langabeak. Andoni —asmatutako izena da— 2013an geratu zen lanik gabe, eta urtebete geroago antzeman zioten lehen mailako silikosia. «Mugatuta zaude lan egiteko, baina ez daukazu erabateko ezgaitasunik; baina, era berean, gaixotasuna ezkutatu behar izaten duzu, bestela inon ez diotelako lanik ematen silikosia duen pertsona bati». Horregatik ez du bere benetako izena eman nahi izan, horrek lana bilatzeko prozesuan eragin ez diezaion. Ezin baitu edonolako lana bilatu: «Hautsa tarteko den lanik ezin dut egin, kalte egiten didatelako; bi galdategitatik deitu didate, eta ezetz esan behar izan diet». Mugatuta dago, baita lana aukeratzeko garaian ere.

Gaixotasuna bakarrik ere ez da muga. 45 urte ditu, eta horrek ere harresi bat jartzen dio lana topatzeko. Duela gutxi, metalurgiako ikastaro bat egin zuen, eta hortik zerbait topatuko duen itxaropena dauka. Baina, oraingoz, ezer ez. Aurrez, 25 urtez aritu zen lanean Novogranit marmol lantegiak Muxikan, Zornotzan eta Lemoan (Bizkaia) zituen zentroetan. «Duela hamahiru edo hamalau urte hasiko ginen kuartzozko aglomeratuak erabiltzen lanean, eta marmola izango balitz bezala landu genuen beti; Bermeoko kasuak agertzen hasi zirenean hasi ziren prebentzio neurri zorrotzagoak ezartzen gure artean, baina ordurako berandu zen». Hamar urte inguru aritu zen silize maila handietan lan egiten, eta arrazoi ekonomikoengatik lantegia itxi ondoren agertu zitzaion gaitza. «Nire lankide guztiei azaldu zaie gaixotasuna, eta ni nintzen ez zuen bakarra; baina ni ez nintzen euren arteko arraroa izango».

Aurrez bost urte zeramatzan Oviedon (Asturias, Espainia) dagoen Espainiako Silikosiaren Institutu Nazionalera joanez, bai baitzekien goiz ala berandu silikosia atzemango ziotela. «Gaitza nuela esan zidatenean, egia esan, ez ninduen batere harritu, ni bainintzen bakarra lankideen artean gaixorik ez zegoena, eta hori arraroa zen; azkenean, etorri zen etorri behar zuena». Mentalki prestatuta zegoen, horregatik. Orduz geroztik, bizitza aldatu zaio, «askorik ez bada ere». «Katarro bat hartuz gero, gehiago itotzen naiz, eta ahalegin berezi bat eginez gero ere berdin». Gainerako lankideei gaitza azkar garatu zaien arren, berak oraindik lehen mailako silikosia dauka. «Gaixotasuna okerragotzeko beldur naiz, baina badakit horrela izango dela; goiz ala berandu bigarren mailakoa diagnostikatuko didate». Izan ere, jakitun da marmol lantegi batean 25 urtez aritu dela beharrean, eta horren ondorioak agertuko direla.

Itxaropen txikia dauka horregatik Andonik. «Silikosia areagotu edo minbizi kasuren bat agertuko zaidan beldur naiz». Horregatik, amorrua sentitzen du ezintasunaz gain. Hala ere, kuartzozko aglomeratuak ekoizten dituzten enpresak epaile aurrera eramatea ondo iruditu zaio. «Epaile aurrean esertzea oso garrantzitsua da, eta orain ikusiko da zer egin daitekeen». Edonola ere, bere egoera ez da hobetuko, eta horregatik sentitzen du amorrua eta ezintasuna. «Baina justiziak arrazoia eman digula sentitzen dut».

Epaiketak iraun duen bitartean, Silikosia elkarteko kideak epaitegien aurrean mobilizatu dira, baina bera ez da bertan egon: «Jendaurrean gaitzaren inguruan hitz egiteko beldur naiz, nahiko gogorra baita gaitza edukitzea. Horri langabezia gehitzea okerragoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.