EB-TURKIA ITUNA

2016ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Bruselak eta Ankarak herenegun gauean eginiko akordiorako oinarria hurrengo asteko ostegun eta ostiraleko bilkuran izenpetzea aurreikusi dute. Suediak oniritzia eman aurretik parlamentuari baimena eskatu nahi dio. Visegrado taldeak —Txekiak, Poloniak, Eslovakiak eta Hungariak osatzen dute— ez dute ituna onartu, ez dituztelako siriar iheslariak euren herrialdeetan jaso nahi. Donald Tusk Europar Kontseiluko presidentearen arabera, errefuxiatuen krisian aurrera egiteko «giltzarria» da ituna. Hemen akordioaren nondik norakoak.

«Migratzaile irregularrak». Zehazteko duten data batetik aurrera, Greziako uharteetara Turkiatik itsasoa zeharkatuz iritsi diren «migratzaile irregularrak» bueltan Turkiara kanporatuko dituzte. Asiloa eskatzeko eskubidea ukatzen dietenei eta legezko prozeduretatik at migratzen dituztenak kontsideratzen dituzte «irregularrak». Afganiarrak, esaterako, migratzaile ekonomikotzat dituzte, nahiz eta herrialdea gatazkan egon. Kanporaketen kostua EBren kontu izango da.

Siriar iheslarien trukea. Siriako gerratik ihes egin eta Greziako uharteetara iritsitako errefuxiatuak ere kanporatu nahi ditu Bruselak. Bidalitako Siriako iheslari bakoitzeko, EBk beste bat jasoko du Turkiako kanpalekuetatik. Siriako 2,5 errefuxiatu inguru daude egun Turkian.

Bisen liberalizazioa azkartu. EBk ekainerako liberalizatuko ditu Turkiako 75 milioi herritarrentzako bisak. Urrirako liberalizatzea adostu zuten azaroan eginiko bilkuran.

EBn sartzeko negoziazioak. Azkartu egingo dituzte Turkiaren eta EBren arteko negoziazioak, Ankara batasunean sartzeko bost atal gehiago negoziatuko baitituzte. Oraingoz, 30 ataletatik bakarra adostu dute. Hainbat kidek ez dute egoki ikusten Turkia EBn sartzea.

Ordainketa. Aurreko bilkuran hitzemandako 3.000 milioi euroren ordainketa azkartzera konprometitu da EB, eta beste 3.000 milioi euro ordainduko ditu. 2018. urtera arte da funts hori, eta Ankarak kanpalekuetako bizi baldintzak hobetzeko erabili beharko luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.