Livia Lopez. Araskiko presidentea

«Buesan jokatzea polita izango zen, baina gure etxea Mendizorrotza da»

Livia Lopezek uste du Espainiako Kopa antolatzea «mugarria» izango dela klubaren hazkundean, «batez ere ikusgarritasunari begira». Espero du Araskiren proiektuaren inguruan zale, eragile eta erakunde gehiago biltzeko balio izatea.

IHANA IRIONDO / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Azken egunetan geratu gabe ibili da Livia Lopez, Araskiko presidentea (Bilbo, 1979). Biharko dena prest dagoela dio, eta espero du zaleek eta Gasteizek, oro har, Espainiako Kopaz gozatzea.

Txapelketa hasi bezperan, nola dago talde antolatzaileko presidentea?

Guztia ondo ateratzeko ilusioz. Gabonen ostetik bete-betean aritu gara lanean, eta azken asteak eromena izan dira. Izan ere, txapelketaren antolakuntzan jende asko gauden arren, gauza ugari koordinatu behar dira, eta erabaki asko hartu. Gainera, taldeaklehiaketan parte hartuko du, eta horri buruzko hamaika kontu ere lotu behar izan ditugu egunerokoan. Hiria asko bizi du txapelketa, eta denek jarri nahi dute beren aletxoa. Gu ikusmin horri erantzuteko prest gaude igandera bitarte.

Zer izan da zailena?

Antolakuntzaren zama Euskadiko Saskibaloi Federazioak hartu du, eta gu laguntzen aritu gara eguneroko horretan: taldeen eta zaleen garraioa eta ostatua, sarreren eskaria eta salmenta, Mendizorrotzaren egokitzapen lanak... Horiek, ordea, antolakuntzako gauzarik potoloenak dira. Baina beste hamaika kontu txiki daude: zein koloretan jarri txapelketaren kartela, tabernariei eta saltokiei kartel horiek banatzea...Eguneroko gauza txiki horiek guztiak koordinatzea izan da zailena eta estresagarriena, baina baita politena ere. Guk, gainera, ohitura dugu taldean lan egiteko, eta denak proiektuaren parte izateko. Are gehiago halako erronka bat izanda. Hori oso ona da gauza gehienetarako; baina zailagoa eta korapilatsuagoa egiten du koordinazio lan hori: informazioa gehiago banatu behar duzu, gauzak gehiago eztabaidatu... Baina uste dugu hori dela bidea, eta, esan bezala, oso pozik eta ilusioz gaude. Asko ikasi dugu, eta egin dugun analisia oso baikorra da. Merezi du egiten ari garen ahaleginak, ez dago zalantzarik.

Beti esan izan duzu kluba pixkanaka doala haziz. Zer eragin du Koparen antolakuntzak hazkunde horretan?

Eman dugun aurrerapauso bakoitza garrantzitsua da guretzat hazkunde horretan. Baina argi dago aurrerapauso batzuk mugarri izan direla. Hau horietako bat da, Ohorezko Mailara igo, eta lehen aldiz Espainiako Kopa eta Ligako kanporaketak jokatzearekin batera. Halako txapelketa garrantzitsu bat antolatzeko aukera ematea bultzada handia da proiektuarentzat, batez ere ikusgarritasunari begira. Espero dugu balio izatea proiektura zale, eragile eta erakunde gehiago biltzeko. Ikusgarritasun hori handitu egingo da, gainera, bihar Cadi la Seuri irabazi eta finalerdietarako sailkatzea lortzen badugu.

Ardura hori emateak klub gisa aintzat hartzen zaituztela esan nahi du, ezta?

Bai. Nik uste dut gauza asko izan genituela alde txapelketa antolatzeko, eta denek egin genuela lan horretarako: Euskadiko Federazioak, beste bi euskal taldeek [IDK Gipuzkoa eta Lointek Gernika Bizkaia], erakundeek eta, nola ez, Araskik. Oso eskertuta gaude. Honek ere balio du, gainera, emakumeen saskibaloiak eta Araskiren proiektuak dituzten balioak sendotzeko eta ezagutarazteko, bide horretan mugarri asko gainditzen ari baita emakumeen kirola.

Ba al duzue Kopak hirian izango duen eraginari buruzko daturik?

Alde horretatik zuhurrak izatea gustatu izan zaigu beti, eta gauzak gertatu ondoren aztertzea. Aurreikuspenak egiten aritzeak indarra kentzen dizu egunerokoan egiten duzun lanean. Baina klubean sumatzen duguna eta kanpotik esan digutena kontuan hartuta, esan dezakegu ikusmin handia dagoela, eta kanpotik jende asko etorriko dela. Ez bakarrik Kopan parte hatuko duten taldeetako zaleak, baita saskibaloia gustuko dutenak ere. Jendeak oso ondo hartu du Gasteizen moduko hiri batek antolatzea Kopa, saskibaloiari oso lotuta dagoen hiri bat baita, eta erakargarriak diren beste hamaika kontu baititu: gastronomia, kultura... Gainera, oso erosoa eta erraza da mugitzeko. Saskibaloiaz ez ezik, horretaz guztiaz gozatu nahi du jendeak, eta horregatik izango da hiri osoan antzemango den ekitaldi bat, eta ez bakarrik Mendizorrotzan.

Zer esaten dizuete tabernariek eta saltokiek?

Haien erantzuna ezin hobea izan da, eta denak egon dira laguntzeko prest. Haien artean ere ikusmin handia dago, eta espero dugu haientzat ere ona izatea.

Gizonezkoen Euroligako Lauko Finala ere Gasteizen jokatzeak mesede edo kalte egin dizue?

Nik uste dut mesede egiten digula, eta zaleek eskertu eta babestu egin dutela gizonezkoen halako txapelketa garrantzitsu bat hirian antolatzen den urte berean emakumezkoen bat ere izatea. Gainera, erakundeen bidez sinergia batzuk sortu dira bi txapelketak sustatzeko. Ziurrenik, Kopa bakarrik antolatu izan balitz, antolatzeko ikuspegia, eragina eta abar desberdinak izango lirateke, eta alderantziz. Batak besteari egin dio mesede.

Aukerarik egon da txapelketa Buesa Arenan jokatzeko?

Hasieran, mahai gainean egon zen aukera hori, baita Iradier Arenarena ere. Argi dago Buesan jokatzea handia eta polita izango zela. Baina Baskoniak bihar eta igandean jokatuko du. Gainera, gure etxea Mendizorrotza da, eta gure zaleek ere hala sentitzen dute. Beharbada, Buesan gai izango ginen 5.000-6.000 zale biltzeko, baina argi dugu giroa ez zela bera izango. Giro hobea egongo da Mendizorrotzan 2.000-3.000 sartuta. Gainera, iristeko errazagoa da Mendizorrotza. Bestalde, balio izan digu, halaber, hobekuntzak egiteko pabiloian, eta hiriko talde eta kirolari guztiek aprobetxatu ahal izango ditugu. Guretzat garrantzitsua zen hori ere, eta zentzuzkoena ekonomikoki.

Baskoniarekin lankidetzarik izan duzue antolakuntza honetan guztian?

Ez dugu lankidetzarik izan. Gaur-gaurkoz, bakoitza bere egunerokoan murgilduta dago, eta bi txapelketak oso desberdinak dira. Harremana ona da, baina lankidetzarik ez da izan.

Kirol ikuspegitik, nola ikusten duzu Kopa Araskirentzat?

Zozketa egin zenean jendeak esaten zuen zerrendaburu samurrena egokitu zitzaigula, Cadi la Seu. Argi dago Perfumerias Avenida eta Girona direla talderik indartsuenak. Haiek beren egunik txarrena izan behar dute, eta zuk zure onena irabazi ahal izateko. Baina Cadi denboraldi oso ona egiten ari da, talde joko sendoa dauka, eta hemen jada irabazi zigun ligan. Beraz, argi dago oso final-laurden zaila izango dela, eta irabazteko gauzak ondo egin beharko ditugula.

Ligako azken partida IDKren aurka galdu arren, nola ikusten duzu taldea ?

Ondo. Duela aste batzuk pattalaldi bat izan genuen, baina taldea berriro ere ondo lehiatzen ari da. Gernikaren eta Gironaren aurkako partidak dira horren adibide. Gernikaren aurka garaipen handia lortu genuen, eta Gironaren kontra azken zazpi minutuetanegin zigun ihes garaipenak. Jokalariak oso izorratuta itzuli ziren partidatik. Horrek erakusten du oso engaiatuta daudela, eta hori funtsezkoa da ondo lehiatzeko eta emaitza onak lortzeko. Taldea nortasuna eta lehiatzeko grina erakusten ari da, eta horrek garaipenak adina balio du niretzat. Alde horretatik, denboraldiko boladarik onenean gaudela iruditzen zait.

Taldearentzat ere Kopa mugarri bat izan daiteke denboraldi amaierari begira?

Zaila da hori esatea, ez baitakigu txapelketan noraino iritsiko den. Baina argi dago aurretik izan dela. Izan ere, Kopa gerturatu ahala, taldeak hobera egin du jokoan eta lehiatzeko moduan. Eta hori jada bada zerbait. Izan ere, hainbat jardunalditan ez ginen gu izan, eta uste dut jada hori baliagarria izango zaigula, nahiz eta jakin ligan gogor borrokatu beharko dugula, eta talde gisa aritu, gure helburuak betetzeko. Kanporaketak jokatzeko borroka horretan egon nahi dugu.

Kopan ezustekorik izan daitekeela uste duzu?

Argi dago Perfumerias Avenida eta Girona direla faboritoak: koska bat gorago daude. Baina Kopa jokatzeko modu berriak ezusteetarako aukera gehiago ematen du, bi talde horiek final-laurdenetan hasiko direlako lehiatzen, eta beste taldeok bezala hiru partida irabazi beharko dituztelako titula lortzeko. Lehen, finalerdietan hasten ziren, eta, koska bat gorago egoteaz gain, neke gutxiagorekin jokatzen zuten. Gainera, denboraldi honetan ikusi da ezusteak izan daitezkeela. Gernikak gure aurka galdu izana da horren adibide. Uste dut hori ona dela txapelketarako, beste pizgarri bat ematen diolako, baita zaleen ilusiorako ere. Beraz, ez naiz ausartzen esaten zer gerta daitekeen. Cadik talde serioa du, Valentzia oso denboraldi ona egiten ari da... Ligan joera bat ikusten da, baina ez du ezertarako balio. Kopan, titulua irabaztetik hiru partidara zaude, eta talde guztiek emango dugu dena hori lortzeko.

Finalerdietara iritsita konforme zinateke?

Bai. Guretzat inportantea litzateke hori, baita txapelketarentzat ere, etxeko taldeak bertan jarraitzeak beti ematen diolako pizgarri bat. Gure zaleentzat eta gurekin lanean ari diren boluntarioentzat saria litzateke.

Martxoaren 4a iristeko gogoz al zaude?

Ez, lana ondo egin dugulako, eta disfrutatu egin nahi dudalako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.