gorka julio
IRLEN SAREA

FaceApp, udako zirauna

2019ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Udako zirauna bihurtu da aurpegia zahartzeko eta itxuraldatzeko aukera ematen duen FaceApp aplikazioa. Erabiliko zenuten akaso edo behin baino gehiagotan iritsiko zitzaizuen lagunen batek eginiko zahartze algoritmikoa. Bada jakin ezazue argazki horren eta atxikita dituen datu biometrikoen jabe egin dituzuela aplikazio horren jabeak.

Baina zer inporta du? Egiari zor, Facebookek edo Googlek nahikoa dituzte zure hiruzpalau argazki txukun, datu biometriko horiek eskuratzeko, sakelako parez pareko argazkirik atera behar izan gabe ere. Zergatik orduan hainbeste zalaparta eta alarma, beste plataforma batek egiten duenean? Bada, kasu honetan errusiar jatorria duelako.

Denek estrategia antzekoak erabiltzen dituzte zure datuak eskuratzeko. Kasu horretan, zure argazki ondo etiketatuak; dudarik gabe zu zarela esango dion argazki bat behar dute, gero hortik datu biometrikoak ere lortu ahal izateko, baina zergatik eta bereziki zertarako?

Enpresa pribatu erraldoiek beren negozioa elikatzeko zuri buruzko informazio gehiago behar dute, erabili edo gero saltzeko. Argazki horiekin uste duguna baino datu gehiago ematen ari gatzaie, baina garrantzitsuagoa dena: datu biometriko datu base erraldoiak osatzen ari gara, nahigabe. Eta hori da gakoa.

Datu biometriko horiek beraiek erabil ditzakete edo estatuek hala behartuta eman. Horrela, jarraipen eta kontrol automatizaturako aukera handiak izango dituzte.Txina, AEB eta Errusia beren datu baseak eraikitzen ari dira —Europa ziurrenik ere bai—. Hurrengo pausoa Internetera konektatutako kamerarekin batzea izango da.

Lehenik, instituzio publikoetako kamerak konektatuko dituzte Internetera, eta datu baseetara. Ondoren, espazio publikoan dauden web kamera pribatuei ere eskatzen hasiko zaizkie sarbidea. Amaieran, ezinbestekoa izango da web kamera publikoak konektatzea sare horretara, informazio hori izan dezaten.

Gauza bera gertatuko da pertsonekin ere. Lehenik, larriak diren delituak dituzten pertsonen mugimenduak jarraituko dituzte, epaile baten aginduz. Gero, edozein delitu egin dutenek jarraipen berezitua izango dute, eta amaieran denak izango gara monitorizatuak automatikoki. Datu base biometriko horiei esker, erazagutuak izango garelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.