gorka julio
IRLEN SAREA

Postjabetza

2022ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Jabetza pribatuaren forma neoliberala jabetza bera birformulatzen ari da. Jabetza pribatua digitalizazio garaian kiribil ero batean sartuta dago. Kostu marjinal batengatik kopia daitekeena kontrolatu nahia aspaldi ikusi genuen, giltzarrapo digitalekin edota bere bertsio eroagoan NFTak erabiliz. Azken adibideaBMWk erositako zenbait autoetan dago: erosleak ordaindu dituen berogailudun eserlekuak erabiltzeko, zerbitzuaren harpidetza eskaintzen hasi dira.

Ondo irakurri duzu: auto garesti bat erosi zenuen, ipurdia bero mantentzeko eserlekuak ditu, baina ezin dituzu erabili, baldin eta 18 euro hilabetean (180 euro urtean edo 300 hiru urtetan) ordaintzen ez baduzu. Erokeria bat dirudi, baina horrela da zerbitzu bidezko jabetza edo postjabetza garai hau. Jabe izan behar duzu, baina, hala ere, oraindik ere ustez jabe zaren horregatik zerbitzu bat ordaintzea izango da orain prezioa.

Adibide gehiago ere badira, ohikoenak zerbitzuen eguneraketagatik kobratzen dizutenak. Edota pieza bat aldatzeko: nahiz eta jakintza nahikoa eta piezak izan, zerbitzu ofizialetik pasarazten dizuten giltzarrapoak ezarri dituzte. Azken erokeria: Mercedes enpresaren zenbait autotan, atzeko gurpilen trakzioa desblokeatzeko beste kuota bat ordaintzera behartzen dute.

Laster autoa ez da piztuko: azken eguneraketa gauzatu ez zenuelako; aseguru enpresarekin duzun kontratu automatikoa ordaindu ez duzulako edo klausula batean esan zenituen 5.000 pausoak ibili ez dituzulako oraindik—osasuntsu izan nahi zenuela esan zenion aseguru etxeari—.

Bada esperantzarik, eta erresistentziarik oraindik. Iphonea desblokeatzea posible izan zen bezala edo paperezko liburuak baino garestiagoak diren liburu digitalen giltzarrapoak txikitu ziren bezala, laster etorri da horrentzako hackeoa ere. Lortu dute BMWk jarritako muga honen gainetik ere salto egitea eta beren eskubideen (jabetza pribatua) berreskuratzea. Nahi duenak Slash Gear foroan topatuko du beharrezko informazioa.

Muga hori gainditzen laguntzen duten zenbait tailer badira jada. Arriskuak ere badaude: garrantzitsuenak garantiaren galera edo eguneraketak egiteko etorkizuneko arazoak. Erresistentziak, baina, merezi du, jabetzaren beraren izaera orokorra eztabaidatu bitartean behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.