IRLEN SAREA

Tekno- soluzionismoa

Gorka Julio -

2018ko uztailak 14
Teknologia benetako beharrak asetzeko eta arazoen errora joan eta konpontzeko erabiltzen ez denean, munstroak sortzen dira batzuetan. Droneen erabilera batzuekin gertatzen ari denak ondo erakusten du hori.

Txinan orain —eta seguruenik ez dakigun beste toki askotan ere bai— droneak jendartea zelatatzeko erabiltzen ari dira. Hori ez da berria, baina drone berezi horiek hegazti itxura dute, eta lurretik begiratuta ez dirudi droneak direnik ere. Jendartean arazoak sor ditzaketen pertsonak zelatatzeko aitzakiapean, teknologiaren erabilera gehiegizkoaren eta oso eztabaidagarriaren adibidea da. Anaia handi militarren bideari lotuago dauden teknika horiek jendarte kontrolerako erabiltzeak ospe txarra du, behintzat.

Ez da berdin gertatzen orain dela gutxi zabaltzen hasi diren beste erabilera batzuekin. Zenbait lekutan droneak landareak polinizatzeko erabiltzen hasi direnean, adibidez. Jakina da intsektuen biomasa asko jaitsi dela; asko hitz egin izan da erleei buruz, baina polinizazioan laguntzen duten beste intsektu asko ere galtzen ari dira. Hipotesi asko dago, baina ez dakigu zein den fenomenoaren jatorri zehatza, ia ziurra den arren gizakiok abiatuko prozesuen ondorioa dela.

Arazo bati erroko arazoa konpondu gabe soluzio teknologiko bat eskaintzea ez dirudi konponbide egokia denik, bereziki arazoaren muina gizakiok sortua denean. Teknologiaren alorrean ari garenon artean, horren alde egiten dutenei tekno-soluzionista izena ematen zaie.

Tekno-soluzionismo honen adibide garbi bat izan dugu azken egunetan. Denok ezagutzen dugu Thailandiako koba batean atera ezinik gelditu ziren haur futbol taldearen istorioa. Uholdeen ondorioz, blokeaturik gelditu zirenean, erreskatea burutzeko urpeko bide bat egitea beharrezkoa zela ere jakina da. Hori horrela, Elon Musk Tesla enpresaren buru ezagunak mikro-urpekontzi bat egitea proposatu zien ingeniariei, propagandatzat har daitekeen egitasmo batean.

Bitartean, urpekari talde batek banan-banan atera zituen gazteak eta haien trebatzailea, inoiz helduko ez zen urpekontziari itxaron gabe. Erreskaterako ezinbestekoa izan den tresnetako bat, aldiz, egoera horietarako bereziki egokia den irrati bat izan da. Hardware librekoa da, eta horregatik dago zabalduta erreskate taldeen artean. Hortxe aldea.