Kaleko arteak

Egitasmoa sendotu dute

Gaur hasiko da Kaleka, Lekeitioko 30. Nazioarteko Kale Arteen Jaialdia, eta, igandera bitarte, Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat konpainiak 25 ikuskizun emango dituzte. Taldeek emanaldi bereziak prestatu dituzte 30. urtemugarako

Euskal Herriko kale-antzerki jaialdirik zaharrenetariko bat da Lekeitiokoa. KALEKA JAIALDIA.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2019ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Sortzaileen eta ikusleen arteko harremanak indartzeko saiakera berezia egin du Lekeitioko (Bizkaia) Nazioarteko Kale Arteen jaialdiak azken urteetan. Antolatzaileek diote jaialdi baten egituraketa izatetik «kultur eta arte ekoizle esperientziaduna» izatera pasatu dela. Kaleko arteetan dabiltzan sortzaileen eta ikusleen arteko loturak indartzeko hainbat saio egin dituzte azken urteetan, eta hala ariko dira gaurtik aurrera ere, herritarrak xaxatzen eta harritzen ibiliko baitira udalerri osoan barreiatuta arituko diren clownak, dantzariak eta antzerkilariak. 30. aldia du jaialdiak eta, igandera bitarte, 25 ikuskizun izango dira herriko kaleetan. Euskal Herriko konpainia eta sortzaileez gain, Italia, Frantzia, Txile, Alemania, Katalunia eta Galiziakoak izango dira jaialdian.

Jaialdiaren antolatzaileek gogoeta prozesu bat egin zuten 2016an, eta, ordutik, sendotu egin da egitasmoa. Kale artea gizarteratzeko aurrerapausoak nola egin hausnartu zuten duela hiru urte, eta, gogoetaren ondorioetatik abiatuta, bi sail berri jarri zituzten martxan, gaur egun indartuta daudenak: Kalekaz Blai eta Kaleka Scratch. Sail Ofizialetik kanpokoak dira bi-biak; lehena, profesionalentzat, eta, bigarrena, berriz, hasi berriak diren edo garapenean dauden lanak erakusteko. Publikoa sormen prozesuaren hartzaile hutsa baino gehiago izatea nahi dute antolatzaileek.

Hirugarren urtez, aurten ere Kaleka Scratch sailean parte hartzeko deialdia egin dute, eta azpimarratu dute «arrakastatsua» izan dela: hogei proposamen baino gehiago jaso dituzte. Horietatik bost aukeratu dituzte: Lokke konpainiaren (Euskal Herria) Dopplegander ikuskizuna; La intrepida taldearen (Katalunia) La atracción; Es circ konpainiaren (Katalunia) Tei tei; Labuena Compañia taldearen (Katalunia) Sindrome Hang Jonge; eta De-Cahinee konpainiaren (Frantzia) Tout ira bien.

Sail Ofizialean, berriz, zortzi konpainia ariko dira lehian. Horietatik hiru dira Euskal Herrikoak. Lokke euskal konpainiak, kasurako, The Big Game ikuskizuna emango du bihar. Olatz de Andres konpainiako koreografoak ikuskizunaren bertsio berritua prestatu du, beren-beregi, Kalekaren 30. urtemugarako: dantzaren bidez, «xake partida bizidun bat» irudikatuko dute 32 sortzailek, eta Lea Artibai eskualdeko dantzariek ere parte hartuko dute emanaldiaren bukaeran. Lekittoko Deabruak talde piroteknikoak ere ikuskizun berezia egingo du larunbatean; Kataluniako bost talde bilduko dituzte, eta berrehun lagunez osatutako talde batekin azalduko dira emanaldian. «Kalekaren ibilbide luzearekin bat eginez, Euskal Herrian inoiz izan den su jairik handiena izango da».

Espazio berri bat ere egokituko dute aurten, Kairos izenekoa. Greziatik hartu dute hitza. «Greziar filosofiaren kontzeptu bat da, eta zerbait garrantzitsua gertatzen den une mugagabea irudikatzen du». Hitzez hitz duen esangura ere argitu dute antolatzaileek: «Beharrezkoa den une zehatza». Esperientzia eta jolasa ardatz dituen eremua da.

Informazio gehiago nahi izanez gero,

jo webgune honetara:

www.kaleka.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.