Izagirre: «Aurrera segituko du Anoetako proiektuak, era batean edo bestean»

KEAOk Anoeta eraberritzeko lehiaketa bertan behera utzi izanarekin «harrituta» azaldu da Donostiako alkatea. Halere, «lanean» segituko du

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea, artxiboko argazki batean. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Donostia
2015eko otsailaren 13a
00:00
Entzun
«Harrituta eta erabakia ulertu ezinda». Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea halaxe agertu zen atzo prentsaren aurrean, Anoeta eraberritzeko lehiaketa bertan behera geratu ondoren. Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak (KEAO) onartu egin du Optima Sport Media Madrilgo kirol azpiegitura enpresak eta Fernando Goñi abokatuak Donostiako Udalak Anoeta eraberritzeko deitutako lehiaketaren aurka jarritako helegitea. Horren ondorioz, lehiaketa bertan behera geratu da, behin betiko. Bada, erabakia ez dela bidezkoa nabarmendu zuen Izagirrek. «Ebazpenak Donostiari egiten dio kalte handiena, eta hori onartezina da». Dena den, amore eman ez eta lanean jarraitu dute. «Era batean edo bestean, aurrera segituko du proiektuak».

Izagirreren esanetan, Donostiako Udalak joan den asteko ostiralean izan zuen ebazpenaren berri. Ebazpena jaso bezain laster, informazioa helarazi zien udaleko alderdi politiko guztiei, hura azter zezaten. Udaleko Bozeramaileen Batzordea atzo goizean elkartu zen, eta ondoren hitz egin zuen Izagirrek. «Prozesu honetan pauso guztiak txukun eman ditugu, normaltasun baten barruan. Ebazpena oso arraroa egin zaigu. Galdera eta zalantza asko ditugu». Besteak beste, lehiaketak Europaren oniritzia jaso zuela adierazi zuen Izagirrek. «Donostiak hazten jarrai dezan nahi dugu, inguruko hiriburu batzuek egin duten gisan».

Bidean oztopoak aurkitzen ari direla aitortu arren, Izagirre ez dago etsitzeko prest, eta proiektua aurrera aterako dela uste du. «Anoeta eta haren ingurua berritzea gauza bikaina litzateke hiriarentzat. Guztiz onuragarria. Hori lortzeko, udalak lana gogotik egin behar du. Orain arte bezala, eragile politikoekin elkarlanean jarraitu eta pausoak emango ditugu». Proiektuak erabateko kontsentsu politikoa lortu zuela.

Orain, pausoak zehazten

Eta egoera berri honetan, zer? Alkatearen hitzetan, dagoeneko egin beharreko urratsak aztertzen ari dira udaleko zerbitzu juridikoak. «Orain biderik egokiena zein den aztertu behar dugu: aukerak zeintzuk diren eta helburua lortzeko nondik jo behar dugun pentsatzen ari gara». Hori bai, oraindik ere goiz da hurrengo urratsak zehazteko. «Datozen egunetan jakinaraziko dugu zein pauso ematen ari garen. Dudarik ez egin: nola edo hala, Anoeta eraberrituko dugu».

Oraingoz, argi dago lehiaketa bertan behera geratzeak are gehiago luzatuko duela prozesu guztia. Lehiaketarako aurkezteko epea joan zen ostiralean amaitu zen, eta hautagai bakarra aurkeztu zen, Reala, hain zuzen ere. Lehiaketa horrek, baina, jada ez du baliorik. «Jokin Aperribai Realeko presidentearekin hitz egin dut, eta amorratuta dago. Hori bai, lanean jarraitzeko gogotsu». Aperribaik datozen astean egingo ditu adierazpenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.