Durangoko 54. Azoka. ARAZOKA

Hamabost minutu errealitate

Inigo Astiz
2019ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Ikasle goiza Durangoko 54. Azokan, (klimatiko jarrita) horrek ingurunearentzat ohi dakarren zalaparta, bizipoz eta euskañol emisio guztiekin. Eskoletan prestatutako galdetegiak. Sakelakoarekin grabatutako bideoak. Bultzadatxoak korridoreetan. Eta sastraka artean mirakulu bat bereizten dutenen zorion beteko aurpegi berarekin, bi editore, saltzaile bat eta kazetari bat Ngungi Wa Thiongo idazlearen Gerra garaiko ametsak liburua erosi berri duen 14 urte inguruko neskato bati begira. Segundo bat eta urtu da jendetzan. «Zutabe bila, diozu?», lagunak saltoki barrutik. «Sartu, sartu hemen, egon hamabost minutu, eta baduzu zutabea». Erronka onartuta. Martxan kronometroa.

11:10. Esku luzatu bat liburu batekin. Sosak bildu, txanponak bueltatu. Hala saltzen dira liburuak, beraz.

11:13. Galdetegia zabalduta bi gazte, saltzaile dabilen idazlearengana. «Badakizu nor den Nobel sariduna?». Mugikorra dena grabatzen. «Ez». «Bale». Badoaz.

11:15. Beste liburu salmenta bat.

11:16. Lasaitasun une bat, eta editorea eta saltzailea elkarrekin solasean. «Zuei ere etorri zaizkizue galdetzen ea nor den Nobel sariduna?». «Bai, eta ez nekien». «Olga Tokarczuk eta Peter Handke». «Egia!».

11:17. Emakume bat hiru liburu poltsaratzen. «35 euro». Alboan bi gazte, liburu artean, zerbaiten bila bezala. «Hara! Hor dago!». Sakelakoa, klik, badoaz.

11:18. Mutil bat: eleberri bat hartu du, utzi du, poema bilduma bat, zabaldu, utzi, beste eleberri bat, utzi, bitartean emakume bat zuzenean doa aurrez fitxatuak zituen hiru liburuak erostera, beste ikasle bat bat-batean beste galdetegi batekin, «Zein dira azken bi liburuak?», beste eleberri bat hartu du mutilak, utzi, sakelako baten agerpena, klik, desagertu da, erabaki du mutilak. Beste liburu bat.

11:21. Saltzaile baten aforismoa, Durangoko Azokan. «Ez dela saltzen? Begira zer jende dagoen liburuak erosten! Nik negarrez dauden sortzaileak ez ditut aguantatzen. Negarrak ez du sortzen!».

11:22. Beste sakelako baten agerpena eta desagerpena. Benetan norbait dute atzean edo autonomoak dira? Etorkizuneko ikerketa baterako gai posiblea.

11:23. Hiru gazte liburu bat erosten, eta, aldi berean, literaturari buruz hizketan. 16 urte.

11:25. Beste salmenta bat, galdetegi bat, eta amaitu da denbora.

Eta, beraz, horraino hamabost minutu errealitate, arkeologoen mahaian beren egia geologikoak geldo agerrarazten dituzten lur lagin epel horien pare.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.