Blusen eta Nesken Eguna Gasteizen

Jaien aurreko beroketa blusa eta neskentzat

Blusek eta neskek beteko dituzte Gasteizko kaleak Santiago egunean. Egitarauaren barruan, ardo-upel lasterketa egingo dute hirugarrenez. Guztira, 82 baratxuri saltoki jarriko dituzte

San Frantzisko aldapa baratxuriz beteko da goizetik. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Gasteiz
2018ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Goizeko lehen orduetatik sumatuko da baratxuri usaina Gasteizko erdialdean, Santiago eguna iritsi den seinale. Ohitura den bezala, blusek eta neskek Gasteizko kaleak beteko dituzte haien egunean. Andre Maria Zuriaren omenezko jaien aurre-festa gisa ezagutzen da gaurko eguna Gasteizen: urtero bezala, hamaika ekitaldi izango dira egunaz gozatu eta jaietarako berotzen hasteko.

Baratxuri saltzaileak dira blusa eta nesken eguneko protagonistetako batzuk. Alde zaharreko San Frantzisko aldapan egongo dira, urteroko uzta saltzeko. Goizeko zazpietan hasi eta gauerdira arte izango dira bertan. Guztira82 baratxuri saltoki jarriko dituzte —iaz baino bi gehiago—, Hego Euskal Herritik eta Espainiatik etorriak.

Baratxuri saltzaileak ez dira, ordea, Santiago eguneko protagonista bakarrak: egun bizia bezain alaia da Gasteizko blusentzat eta neskentzat ere. Blusa eta neska jantziak ipini ondoren, txukun abiatuko dira Plaza Berritik hasiko den kalejirara. Batzuek, bezperako parranda egin ondoren, indarrak bildu beharko dituzte goizeko ekintzetarako; besteek kementsu helduko diote goizari.

Bigantxak ikusi, eta, horren ostean, ardo-upel lasterketetan lehiatuko dira. Aurten hirugarrengoz egingo dute ardo-upel lasterketa. Lau lagunek osatutako 26 taldek hartuko dute parte, eta Plaza Berrian hasi eta bukatuko da.

Gazteek ere izango dute aukera lehiaketa horretan parte hartzeko. Hain zuzen, Txikien Upel Lasterketarekin hasiko dira. Gero izango da helduen lehia. Martin Fiz arduratuko da irteerako bandera astintzeaz. Irabazleek Mitarte upategiko 225 litro ardo eramango dituzte etxera.

Arratsaldean, blusa eta neska kuadrillek joan-etorria egingo dute erdigunean. Dato eta Independentzia kaleek giro alaia izango dute gaur, abuztuaren lautik aurrerako giroa iragarriz. Izan ere, txarangak lagun dituztela blusa eta neska kuadrillak igaroko dira ikusleen artetik, ikusleak zirikatuz eta kantak abestuz.

Aurten, bigarren urtez, blusen eta nesken kuadrillak banaturik aterako dira. Izan ere, duela bi urte tentsioak sortu ziren kuadrillen artean, eztabaidak areagotu, eta banatuta ateratzea erabaki zuten. Alde batetik, Blusa eta Nesken Batzordeko hemeretzi kuadrillak, eta bestetik, Federazioko zazpiak. Ados jarri ezinik, aurten ere banaturik aterako dira: federazioko kuadrillak 16:30ean, eta gero batzordekoak, 17:00etan.

Hala ere, badago kuadrilla guztiak berriz batzeko esperantza. Hala adierazi du Estibaliz Canto Gasteizko Udaleko Kultura zinegotziak, eta gaineratu du banaketa horrek ez duela eraginik izango jaiegunetako giroan.

Protokoloak ere martxan

Aurten, Gasteizko Udalak hala aginduta, ez dira abestuko kutsu matxista edo homofoboa duten kantuak. Eraso sexisten aurrean hainbat protokolo jarri dituzte martxan, baita jaietara begira ere.

Cantok uste du Gasteizko gizarteak «oso ondo» ulertu duela mezua, eta «garapen naturala» gertatzen ari dela gizartean. Gainera, adierazi du neurriak hartuko dituztela baldintza horiek ez betetzekotan: «Zigor administratibo bat ezarriko zaie, baita hurrengo urteetara begira ere». Udalak emandako diru laguntzak itzultzera behartuta ere egon litezke eraso sexistak egin edo kantu matxista edo homofoboak abesten dituzten kuadrillak.

Gasteizko mugimendu feministak ere protokolo bat jarri du martxan: eraso sexistei erantzuna emateko eta erasoak laguntzeko telefono bat egongo da gaur eta Andre Maria Zuriaren jaietan. Bestalde, elkarretaratze batera deituko dute eraso bat izaten den aldiro, erasoa gertatu eta hurrengo egunera. Deialdiak kasuaren araberakoak izango dira.

Udalaren jarrera kritikatu dute, ez dutelako aukerarik eman protokolorako lanketa bateratu bat egiteko: «Hitz gutxiago eta ekintza gehiago» exijitu dizkiote, baita beharrezko baliabideak eskaini ditzan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.