Arrauna

Bost irabazle utz ditzakeen estropada

Eusko Label ligako azken-aurreko estropada jokatuko da gaur Bermeon, eta Oriok lehiaketa irabaz dezake aurrenekoz. Kanporaketak ere jokatuko dituzte

Orioko Salvagno eta Etxaniz arraunlariak, eta Jon Salsamendi entrenatzailea, aurreko astean, Donostian. J. C. RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Amaieratik gertu dira Traineruen Kluben Elkarteko bi ligak: Eusko Label, gizonezkoena, eta Euskotren, emakumezkoena. Azkeneko horretan ligako estropadak bukatu badira ere, Orio izanik ligako garailea, kanporaketa falta zaio uda burutzeko. Gizonezkoen kasuan ere kanporaketa dago jokoan oraindik, eta baita ligako azken bi jardunaldiak ere, lehen zortzi sailkatuentzat. Bermeon elkartuko dira gaur denak, liga eta kanporaketak jokatzeko (18:00, ETB 1).

Lehian aurrenekoak Euskotren ligako azken lekua lortu nahi duten hiru taldeak izango dira: Hondarribia, Hibaika eta Zumaia. Gaur eta bihar [Portugaleten] erabakiko dute leku hori norentzat den, eta bietan erlojuaren aurka ariko dira. Hondarribia azken sailkatua izan da maila nagusian, eta lekua defendatzea egokituko zaio ETE ligako lehen bi taldeen aurka: Hibaika eta Zumaia.

Eguneko bigarren kanporaketan murgilduko dira gero Eusko Label ligako azken-aurrekoa, San Pedro, KAE 1 ligako lehen biak, Zarautz eta Deustu, eta Galiziako ligako aurreneko bi sailkatuak, Ares eta Tiran. Gaur eta bihar Portugaleten puntu gehien batzen duten bi taldeek lortuko dute datorren udan Eusko Label ligan aritzea. Erlojuaren aurka ariko dira hauek ere gaur eta bihar.

San Pedroko Mikel Aiestaran arraunlariak uste du «estua» izango dela kanporaketa: «Ez da gaur erabakiko. Biharko bizirik ateratzea da aurreneko helburua gaurko, itsasoan delako eta txarra dagoelako emanda». Taldea bolada gozoan dagoela esan du: «Ondo etorri zaizkigu Kontxa tarteko lehiarik eduki gabeko asteak, burua arindu eta blokea indartzen segitzeko. Uste dut koska bat gora egin dugula duela hamabost egunetik».

Horretan dira Zarautz eta Deustu ere. Garbi baitute KAE 1 ligan erakutsi dutenak ez diela balioko liga nagusira igotzeko. Hala dio Beñat Larrinagak, Deustuko arraunlariak: «Ligan baino hobeto ibili beharko dugu igotzeko, eta, horren jakitun, taldeak aurrerapausoa eman du gure liga bukatu zenetik». Imanol Eizagirre zarauztarra ere antzera mintzatu da: «Udako bi estropada onenak egin beharko ditugu kanporaketa honetan, orain arte baino hobeak. Ilusio handiarekin gaude, eta badakigu gure lana egiten badugu igotzeko borrokan ibiliko garela».

San Pedron, Zarautzen eta Deustun aurkari bat izendatu dute faboritoaren lekuan: Ares. Estropada bategatik jarri dute hain goian: «Kontxara sailkatzeko zorian egon zen, eta kanporaketako beste taldeoi dezenteko aldea atera zigun. Horrek esan nahi du indartsu dagoela», esan dute Euskal Herriko taldeetako hiru arraunlariek. Haien aurreikuspenak betetzen badira, beste lau taldeen artean egon behar luke lehia handiak, azkeneko txartela lortzeko. Larrinagak, behintzat, hori uste du: «Lehia irekia egongo da beste lau taldeen artean». Eizagirrek Aresen azpitik beste bereizketa bat ere egin du: <Ematen du KAE 1 ligako bi taldeok dugula aukera gutxien, baina arraun egin behar da, eta ez dago ezer erabakita». Hiru arraunlariek garbi daukate ere arriskutsua dela Bermeoko gaurko estropada: «Kanporaketa irabazi... ez du gaur inork irabaziko, baina gera daiteke baten bat batere aukerarik gabe iganderako».

Orio, lana biribiltzera

Kanporaketako joak bukatu ondoren, Eusko Label ligako azken-aurreko estropada jokatuko dute, eta Oriok aukera du gaur bertan liga lehen aldiz irabazteko: gaurtik hamahiru punturen aldearekin ateratzen bada —ez du beharrekoa irabaztea—, gaur ospatuko du garaipen historikoa, aurrena lukeelako ligan. «Lana biribildu nahi dugu asteburu honetan», esan du Jon Etxaniz arraunlariak. «Ahal bada, gaur bertan lotu nahi dugu dena». Badaki nahikoa dutela gaur eta bihar azkena eginda, baina beste modu batean irabazi nahi dute: «Halako uda eginda, dotore bukatu nahi dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.