Donostiako 82. Musika Hamabostaldia. KRITIKA. Kursaal auditoriuma

Entzun eta ulertu

Anne-Sophie Mutter eta Lambert Orkis, Donostiako kontzertuan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
2021eko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Anne-Sophie Mutter

Pianoa: Lambert Orkis. Egitaraua: Wolfgang Amadeus Mozarten Biolin eta pianorako sonata mi menorren (KV 304), Ludwig Van Beethovenen Biolin eta pianorako 5. sonata op. 24 'Udaberria' eta Cesar Francken Biolin eta pianorako sonata la maiorren.Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Abuztuak 26.

Aurtengo Musika Hamabostaldian nagusi izan dira pianoa zein biolina erdigunean jarri dituzten kontzertuak eta errezitalak. Originalagoak diren programak faltan botatzen diren arren, bakarlarien zerrenda ikusi eta laudatzea baino ez dago. Anne-Sophie Mutterrek jaialdira egin duen lehen bisitan ikuskizun dotore eta ederra eskaini du Lambert Orkis pianista estatubatuarrarekin batera.

1777. eta 1779. artean Europatik egindako bidaian kontraturik ez zuen lortu W. A. Mozartek, baina hainbat pieza idazteko denbora izan zuen, tartean, Biolin eta pianorako sonata mi menorren malenkoniatsu bezain distiratsua, bere ama hil zen garai bertsuan ondua. Itzalez betetako gai batek irekitzen du lehen mugimendua, biolina eta pianoa unisonoan ari direla. Urte luzetako elkarlanak dakarren sinbiosi perfektuan aritzen dira Mutter eta Orkis, hala pasarte arinetan nola minuetoaren itxurazko seriotasunean. Fraseatze argia eta lerro garbia dituzte biek, kontzertuak aurrera egin ahala ehundura guztietan hedatu eta garatu zituztenak.

Ludwig van Beethovenek 1800ean idatzi zuen Biolin eta pianorako 5. sonata, eta 60 urte geroago ezarri zioten Udaberria ezizena, baina beste ezer izan zitekeen. Mutter eta Orkis berriro ere ñabardura eta dinamika liluragarrietan murgildu zuten publikoa, Bonneko jeinuak irudikatutako Allegroa-ren leuntasunean, bigarren mugimenduaren lirismoan, Scherzo motzaren zorroztasunean.

Eta gehiago eta hobeto eman ezin daitekeela uste genuenean, Cesar Francken Biolin eta pianorako sonata etorri zen, non Mutterrek kolore guztiak atera zituen biolinaren paletatik: hausnartze lasaia Allegro ben moderato-an, dramatismoa Allegro-an, lirikotasun goxo eta joria azken Allegretto poco mosso-an.

Bi bisekin erantzun zioten besaulki-patiotik zetorren berotasunari: Cinderella Liberty filmeko Nice to be Around, John Williamsek konposatua, eta Johannes Brahmsen 1. dantza hungariarra. Eta pentsamendu bakarra: benetako ospeak ez duela azalpenik behar; dagokigun kasuan, entzutearekin soilik ulertzen da dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.