Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Galduta (III)

2020ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Joan ziren Arrasateko urteak eta lanean hasi nintzen. Anaia ere Charlie Pace bezain jonki zebilen Lost-ekin, eta astelehen goizero atala eta azpitituluak jaisten zituen, ni lanean nintzen bitartean. Etxera bazkaltzera iristean Eko Jaunak baino hitz gutxiago erabiliz esaten zidan atala ona edo oso ona izan zen —izorrakin batek anaien arteko maitasuna ere apurtu zezakeen Lost-en kasuan—. Hurleyk baino azkarrago bazkaldu eta nire gelan sartzen nintzen pertsianak jaitsi, argiak itzali eta azken atala ikusteko.

Telesaila amaitu zenean negar egin nuen, atala ikusten ari nintzela, eta gero. Nire bizitzako fase bat amaitu izanaren sentsazioa izan nuen —ez naiz txantxetan ari: noraezean geratu nintzen—. Jeijeiren panpina bat erosi eta tenplu txiki bat egin nion mesanotxean (hori gezurra da, baina halako panpina bat baduzue, eskertuko nuke). Etxekoak arduratzen ere hasi ziren telesail madarikatu hark gugan zuen eraginagatik...

Benetan uste duzue halako zoramena eragin dezakeen telesail mitiko-historiko-antologiko-bibliko bat «Ez, hasieratik hilda zeuden eta guztia gezurra zen» esanez amaitu daitekeela? Zuek uste, Charliren greatest hits-ak, Dharmako furgoneta bilatzen duteneko atala, «not Penny's boat», Desmond eta Pennyren arteko amodio hilezkorraren istorioa, Michaelek bizitako purgatorioa, «We have to go back, Kate. We have to go back!», Jack eta Claire anai-arrebak zirela jakin genuenekoa, Juliet zulotik behera erori eta lehergailua zartaraziz guztiak salbatu baina bere buruaz beste egin zuenekoa, The Constant atal ahaztezina —bera bakarrik, arrakastako filma bat izan zitekeena—, Jin eta Sun urpeko ontzian ito zirenekoa, kabroi hark Alex akabatu zuenekoa, Jeremy Benthamen heriotza, Daniel Faradayrena! (denboran bidaiatzearen paradoxak dotoreziaz konpontzearen paradigma behar lukeena). Hurley eta Milesen denboran bidaiatzearen inguruko eztabaidak (zenbat barre egin nuen...), Jacob eta beltzezko gizonaren arteko elkarrizketak, banbu artean Jack Shepard heroia hiltzen ikusi edo Hurley eta Benek irlako zaindari izatearen ardura onartzen duten unea bezalakoak bizi eta gozatu ostean… telesailak horrela amaitu zezakeela? (Jack, Kate eta Sawyerren artekoa baino gehiago luzatu zait esaldia, barkatu). Ba ez, ezin zen horrela amaitu, eta ez zen horrela amaitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.