Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Zenbat gara?

2019ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Telmo Esnalek bakarrik zuzendutako azken filma Donostiako Zinemaldian erakutsi zuten lehen aldiz, eta abenduaren 21ean estreinatu zuten areto komertzialetan. Dagoeneko, sei aste daramatza programazioan. Ezohiko arrakasta da euskal film batentzat, baita proposamen «berritzaile» batentzat ere. Hitz horrekin aurkeztu zuen Dantza (2018) Larraitz Zeberio kazetariak eta bat nator harekin-, Goienako Hemen Debagoiena saioan. Lehen galdera, berriz, honako hau: zenbat lagunek ikusi dute pelikula? Hori balitz bezala elementurik garrantzitsuena. Baina ez hartu gaizki, azalduko dut eta.

Platora gonbidatu zuten Esnal, eta elkarrizketaren bideo laburra ikus daiteke sarean. Zuzendariaren arabera, 30.000 pertsona inguruk ikusi dute Dantza. Aitortzen du zein izaten den, film bat egiteko orduan, zuzendariaren helburua: «Beti da jendea zinema aretoetara joatea». Beraz, orain arteko emaitzarekin «pozik» dago. Hala ere, proiektuan lanean zazpi urtez ibili ondotik, zinemekin izandako negoziazio zailtasunak azpimarratu zituen. «Hasieran ez zuten apustu handirik egin, baina ikusleak bere egin du pelikula, eta horrek asko asebetetzen zaitu». Bejondeizula.

Donostiako kasuan, Truebako gela txikian hasi ziren ematen; ondotik, gela handira pasatu zuten. Principe aretoan, berriz, gela batean ematen hasi ziren, eta, orain, bi aretotan dago. «Ikusmin handia zegoen. Kontuan hartuta San Tomas egunean estreinatu zela, nahiko harrigarria izan zen aretoa betetzea». Lagun asko geratu ziren pelikula ikusi ezinik; ondorioz, gela handiago batera pasatu zuten. Gasteizen, egun, bi zinematan ikusgai dago; eta Bilbon eta Iruñean ere jarraitzen du Dantza-k.

Hemen Debagoiena-ko elkarrizketan, Zeberiok Esnali galdetu zion ea hitzik gabeko euskal dantzen film bat ez den zaila azaltzeko. Alegia, ulertzeko eta saltzeko. Elementu sinbolikoek, dantzen esanahiak, filmaren gaineko genero eztabaidak eta abarrek «asko atzeratu zuten prozesu guztia», esan zuen zuzendariak. Bereziki, dirua lortzeko garaian.

Dantza-ren haritik, 25 minutuko dokumentalak egiten ari dira ETBrentzat. Zehazki, filmaren elementuak aztertzen dituztenak. Pentsatu nahi dut ETBrekin eztabaida handirik ez zela egon horren negoziazioan, hain zuzen ere, zenbat garen axola ez duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.