Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

New Yorken (edo ez)

2023ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
New Yorken nago eta zu ez. Zaila da zutabe bat idazteko modu harroputzagorik aurkitzea. Baina hain egon da kolokan nire etorrera azken segundora arte, hainbesteko estres zurrunbiloan egon naiz azken egunetan harrapatuta, ezin izan baitiot tentazioari eutsi. Ozta-ozta lortu dut etortzea, zer eta COVID-19 ziurtagiria tarteko. Bai, 2023ko maiatzean halakoak gertatzen dira oraindik. Baina New Yorken nago, lagunekin eta lagunak bisitatzen (eta zu ez).

New Yorken nago, baina zalantzan izan naiz azken unera arte. Horregatik, Aupa Etxebeste bat egiteko plan ahal bezain duina diseinatzen pasa ditut etorri aurreko egunak. Bi ziren oinarriak: Costa Bravako hotel merke batean ezkutatzea, batetik. Eta bestetik, NYen gaineko ikus-entzunezkoak ikustea; bueltakoan, ezagunen batek bidaiaz galdetuz gero, ahal bezain erantzun biribila emateko. Gezurrak, sinesgarria izateko, xehetasunak behar ditu. Zorionez, ez dut plana martxan jarri beharrik izango. Baina pena litzateke egindako ikus-entzunezkoen zerrenda alferrik galtzea. Horregatik dakart hona.

1. Pretend It's a City. Hiru protagonista dituen dokumental saila: Franz Lebowitz idazle eta umorista; hark 70 urteotan ezagutu duen New York hiria; eta azkenik, Martin Scorsese zuzendariaren begirada. Bizitzaren azken herenean dauden bi lagun minen arteko solasaldi iradokitzaile eta gozagarria da, baina bide batez, New Yorken bizitzea zer den ulertzeko ikus-entzunezko onentsuena.

2. How to with John Wilson. New York eta haren kaleetako elementu bakoitza metafora bisual zoroa bilakatzen duen erreportaje sorta surrealista. Eta hala ere, dokumental asko baino zintzo eta egiatiagoa.

3. The Lost Arcade. 1940an sortu zen arcade bideojokoen areto baten istorioa jasotzen duen dokumentala. Zeharka beste dozena bat gai lantzen ditu: hiriaren transformazioa, baztertutakoen babesleku izaera... Film entzutetsuetan agertzen ez den New York bat ezagutzeko bidea zabaltzen du.

4. Bonus track: Kirmenen New York City. Dena euskaldunon begiradatik ikustea maite baduzu, hobe Ur Handitan-en saio berezi hori Vascos por el mundo-ren besoetan erortzea baino. New York hiria, baina Kirmen Uribe idazlearen solasaldiek eta lagunek gidatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.