Zientzia

Ilargira bueltan

Aurten misio asko eginen dituzte Ilargira: AEBek, Japoniak, Errusiak, Hego Koreak, Indiak eta Arabiar Emirerri Batuek badituzte planak. Gizakia Ilargira itzultzea da NASAren Artemis programaren xedea. Martera ailegatu ahal izateko lehen urratsa da Ilargia.

Ilargiaren irudi bat. PETER KOMKA / EFE.
Iker Tubia.
2022ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Apolo 11 misioak 53 urte beteko ditu uztailean. Gizakiak Ilargia zapaldu zuen lehenbiziko aldia izan zen hura. Apolo 17 misioan egon ziren gizakiak azkenengoz Ilargian, 1972. urtean. Mende erdi geroago, Lurraren satelite naturala izanen dute zenbait herrialdek jo puntuan, berriz ere. Are, oraingo misioak ezinbestekoak izanen dira gizakiak berriz ere Ilargia zapal dezan. NASAren Artemis misioa abiatuko da helburu horren atzetik. Hala ere, Japoniak, Errusiak, Hego Koreak, Indiak eta Arabiar Emirerri Batuek ere badute aurten Ilargira misioak egiteko asmoa.

Urratsez urrats. Horrela itzuli nahi dute AEBek Ilargira. Urratsez urrats, Martera ailegatu arte. Artemis 1 misioaren barruan, 2022an zenbait proba eginen dituzte 2025ean Ilargian gizakiak egon daitezen. Aurretik egin beharreko prestaketa lana luzea da, eta horri helduko dio NASAk. Ezinbestekoak izanen diren bi afera probatu beharko ditu: SLS Space Launch System eta Starship.

SLS da Ilargira joan ahal izateko garatzen aritu diren suziria, eta baliteke aurten lehen aldiz aireratzea, oraingoz bidaiaririk gabe, Orion ontzia Ilargiaren ingurura bidaltzeko xedearekin. Artemis 2 misiorako ibilbidea entseatzeko eta ontziaren segurtasuna probatzeko modua izanen da, Artemis 3 misioan Ilargian lur hartu ahal izateko. SpaceX Elon Musken enpresak sortutako Starship izanen da astronautak Ilargira berriz eramateko ardura izanen duen ontzia, 2025ean. Starship-ek orbitara ailegatu beharko du lehenik, bidaiaririk gabe, eta urte erdialdean egin dezakete proba hori. Proba horiek atzeratuz joan dira azken urteetan. Capstone satelitea ere aurten bidaliko du NASAk, Ilargiaren orbita eliptiko berezi bat probatzeko. Lurraren eta Ilargiaren grabitateetako oreka puntu zehatza da hori, eta funtsezkoa aurrerago etorriko den Gateway misiorako.

Proba horiek eginda, asmoa da hiru urte barru Ilargira bueltatzea. Hori egiteko, lau astronauta Ilargiaren orbitara bidaliko dituzte Orion ontzian, SLS suziria erabiliz. Orbita horretan zenbait egun emanen dituzte, eta, ondotik, bi kide joanen dira Space X enpresak egindako gizakien lur hartzerako sistemara; Ilargira ailegatzeko azken urratsa. Astebete inguru ariko dira azalera ikertzen, eta, ondoren, berriz joanen dira Orion-era, beste kideekin batera Lurrera itzultzeko bidaiari ekiteko.

Marteraino

«Ilargia da Martera astronautak bidaltzeko aurreko urratsa; hori baita Artemis misioaren helburu nagusia: Ilargian esperientzia bildu eta teknikak ikasi Martera joan ahal izateko», azaldu du Fernando Jauregi Iruñeko Planetarioko astrofisikariak. Izan ere, Martera gizakia ailegatzea ezinezkoa da gaur-gaurkoz; beraz, bide luze hori poliki egin behar da.

«Ilargia hemen ondoan dugu, 400.000 kilometrora; Marte Lurretik milioika kilometrora dago», ohartarazi du Jauregik. Ilargira joateko hiru egun behar dira, baina Marterako bidaia ia hiru urtekoa da. Beraz, hobe da probak Lurretik gertu egitea, zer gerta ere. «Sortu behar da, probatu eta asmatu; Martera ailegatzeko oraindik asmatu gabeko teknologia asko behar da, eta horrek denbora behar du». Materialak, teknikak eta teknologiak probatuko dituzte Ilargian.

Jauregik Martera joan aurretik asmatu beharreko gako batzuk azaldu ditu: «Marten erregaia, oxigenoa eta janaria sortzeko gai izan behar dugu, ez baita bideragarria hori guzia Lurretik eramatea joan-etorriko bidaia egiteko. Badaude ideia batzuk, baina ez dira probatu; asko dago egiteko». Ez hori bakarrik; oraingoz ez da Martetik itzuli den misiorik egin. Hori ere probatzekotan dira: «Martera ontzi bat bidaltzeko asmoa dute, Perseverance astromobilaren laginak hartu eta Lurrera ekarri ditzan. Hori oso garrantzitsua da», azaldu du astrofisikariak.

Ilargia ez da izanen soilik probak egiteko gunea, gainera. Litekeena da Martera joanen den espedizio hori Ilargitik edo Ilargiaren orbitatik aireratzea. «Orain Ilargian eginen dutena Martera joateko aireratze basea paratzeko modu bat izanen da. Ilargia tarteko urrats ona da Martera jendea bidali ahal izateko».

NASA ez da Ilargira misioak egiteko asmoa duen bakarra, aitzitik. Hego Koreak bere lehenbiziko misioa eginen du hara, Korea Pathfinder Lunar Orbiter satelitea bidalita. Lurraren satelite naturalaren geologia eta hautsa aztertuko ditu, eta argazkiak bilduko ditu etorkizunean ilargiratzeko baliagarri izan dakiokeelakoan.

Errusiak Luna-25 lur hartzeko modulua bidali nahi du aurten; Ilargiko zorua ikertzeko eta etorkizunean han lur hartzeko teknologiak probatzeko baliagarri izanen zaio. Errusiak 1976an egin zuen azken ilargiratzea, Luna-24 moduluarekin. Indiak ere bidali nahi du lur hartzeko modulu bat, baita Chandrayaan-3 astromobila ere. 2019an egin zuen saiakerak porrot egin zuen. Misioa hirugarren hiruhilekoan egiteko asmoa du Indiak.

Japoniak bi misio garrantzitsu izanen ditu aurten. Alde batetik, japoniar espazio agentziak lur hartzeko modulu bat bidali nahi du apirilean: Slim. Ilargiratzeko teknika zehatzak erakutsi nahi ditu, eta aurpegia ezagutarazteko tekniken bidez kraterrak detektatzen saiatuko da. Bestalde, Ispace enpresak Mission 1 lur hartzeko modulua bidali nahi du bigarren seihilekoan. Dena ongi ateratzen bada, bi astromobil utziko ditu Ilargian. Rover horietako bat Arabiar Emirerri Batuek eraikia da: Rashid. Bestea Japoniako espazio agentziak sortu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.