Ismael Manterola
BEGIZ

Zor-kitatze ariketak

2019ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Harrituta utzi naute Txillidaren Haizearen Orrazia eskulturaren pintaketaren gaineko erreakzioek. Erakundeen gehiegizko zalapartak faltsuak iruditu zaizkit, garai batean irudi erlijiosoen gaineko erasoek eragiten zituztenen antzekoak. Hiriek elementu batzuk sakralizatzen dituztela iruditzen zait, bai boterearen eskutik, bai modu herrikoi batean, eta, horregatik, zaila egiten zait batzuetan hainbesteko haserreak eta ohore urraketak ulertzea. Ondo iruditu zait artelanak defendatzea, baina sentsibilitate bera eskatuko nuke Donostian desagertzen ari diren arkitektura lanen inguruan edo eskultura publiko batzuek jasan duten utzikeriaren aurrean.

Pena handia ematen du norbaitek artelan publikoari eraso egiteak edo pintaketen bidez aztarna utzi nahi izateak, eta zaila egiten zait ulertzea artelanen gaineko esku hartzeak egiteko gogoa. Sentsibilitate falta izan daiteke? Heziketa falta? Lehentasunen gaineko iritzi ezberdinak? Muturreko egoera politiko baten ondorioak? Justizia eza salatzeko egokiagoak diren mila modu bururatzen zaizkit.

Hala ere, arte publikoek jasaten dituzten eraldaketak (naturak eta gizakiak eragindakoak) ez ditugu inoiz saihestuko. Artelana kalean dagoen momentutik aurrera, zaila da erabateko kontrola edukitzea, eta, agian, hori izan daiteke artistak onartu behar duen joko araua. Bartzelonako Macba museoaren aurrean dagoen Oteizaren eskultura ikusten dudanean, mina sentitzen dut, zeharo desitxuratuta dagoelako, baina norena da eskultura? Artistarena edo hiritarrena? Bigarren aukeraren alde egiten badugu (eta hala egin behar dugu publiko hitza erabiltzen badugu eskulturaren atzean), nola babestu jendearen parte hartzetik? Bortitza edo maitasunezkoa izan?

Aspaldian uste nuen gure ezjakintasunak edo gure herriko egoera politikoak eragiten zituela horrelako gertaerak, baina Alemaniako Munsterren Claes Oldenburgen billar bola erraldoiak nola zeuden ikusi nuenean, konturatu nintzen mundu mailako arazoa zela. Kontuan izaten badugu Munster arte publikoaren mundu mailako erreferentziazko hiria dela, hamar urtetik behin gaia aztertzen duen erakusketa ospatzen delako, lasaiago geratuko gara.

Bukatzeko, aurreko galdera batera bueltatu nahi dut: zeinena da eskultura publikoa, artistarena edo hiritarrena? Guztiona dela onartzen badugu, zergatik jarri behar da Txillidaren familiarekin harremanetan eskulturak aldaketaren bat jasaten duenean? Gaur dauden baliabide tekniko eta zientifikoekin (zaharberritze eta arte historiaren aldetik), ezin al diogu gure kasa horrelako arazo bati aurre egin? Ez al ditugu profesional publikoak era egokian arte arazoak konpontzeko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.