Ismael Manterola
BEGIZ

Modaren hasiera

2022ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Modari buruzko erakusketa batean nagoenean ezjakintasunak eragindako galderak etortzen zaizkit burura. Nola baloratu ditzakegu begien aurrean ditugun jantziak? Kalitatea zeren arabera neurtu behar dugu? Diseinuaren beste gaiekin egiten dugun bezala, erabilpenari, itxurari edo alderdi komunikatiboari eman behar al diogu garrantzia? Arropa janzteko denez, erabilpenak garrantzia izan beharko luke: hotzetik edo eguzkitik babestea, gorputzari ondo egokitzea, erosoa izatea eta abar.

Baina denok dakigu gure arroparen funtzio nagusia ez dela bakarrik gure gorputza babestea. Garrantzi bera edo handiagoa dauka gure gustuaren araberako zerbait eramateak soinaren gainean. Zeharo erosoa ez izan arren, askorik berotzen ez bagaitu ere, edo beroa pasatu arren, gustuko arropak ez du eragozpen handirik eragiten. Horregatik, oihalaren egiturak, jantziaren formak, koloreak eta marrazkiak moda diseinatzaileen arreta handia jasotzen dute.

Bestalde, bakoitzaren estiloak geure burua gizarteari nola erakutsi nahi diogun baldintzatuko du. Dotore edo informal jantzita itxura desberdina emango dugu; kirol arroparekin edo puskatutako galtzak jantzita pertsonari buruzko informazioa ematen ari gara; horri deituko genioke alderdi komunikatiboa.

Nagoen erakusketan moda fenomenoaren hasiera aztertzen da. Noiz eta nola sortu zen besteak bezala janzteko gogoa? Nork zabaldu zituen janzteko ohiturak? Erakusketaren arabera, XVIII. mende bukaeran hasi zen gerora moda izena eman diogun fenomenoa. Garai hartan, aristokraziaren eta burgesiaren artean errege-erreginek erabiltzen zituzten arropak kopiatzeko ohitura zabaldu zen: oihal garestiak, itxura ezberdinak (frantziar erara, ingeles erara, artzain modura, etxeko arropa), orrazkera bereziak edo osagarri dotoreak (zapatak, abanikoak, perfumeetarako flaskoak, dantzen bikotekideak gordetzeko kaierak).

Internet, telebista edo aldizkaririk gabeko garaietan ohitura horiek nola zabaldu ziren galdetu diezaiokegu geure buruari. Hain zuzen, XVIII. mendearen bukaeran arteak bete zuen rola interesgarria da jantzi batzuek hartu zuten bidea ulertzeko. Erregina batek kaleko arropaz jantzitako erretratua eskatu zuen momentutik aurrera, ahal zuten emakume guztiek erreginak jantzita zeraman soinekoa kopiatu nahi izan zuten. Horri gehitzen badiogu Frantziako azken erreginak modaren ministroa ezizenez ezagututako arropa kontseilari bat izan zuela, konturatuko gara nola zabaldu zen hain azkar modaren fenomenoa.

Orokorrean, rokoko garaiko pintoreek ondo erakusten dute zer gertatu zen XVIII. mendeko gizartean, batez ere arropari buruzko kontuetan. Lekukotasunak jasotzeaz gainera, modaren zabaltzaileak bihurtu ziren beren koadroen bitartez; horregatik, askotan ez dakigu zer izan zen lehenago, arrautza edo oiloa.

Berehala sortu ziren pinturaren konpetentzia zuzena izango ziren lehenbiziko moda aldizkariak; koloreztatutako grabatuetan oinarrituta eta liburu itxurarekin. Hortik aurrera, modaren bideak zabaltzen hasi ziren, batez ere goi mailakoen artean. Oraindik mende eta erdi behar izan zuen jende arruntarengana indar handiz iristeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.