Haizea Barcenilla
BEGIZ

Ondarea ala bizia

2020ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Londreseko Royal Academy museoak ondarearen inguruko eztabaida markatu dezakeen erabaki bat hartu behar du laster. Izan ere, legalki charity bat da Royal Academy; irabazirik gabeko erakunde mota bat, alegia, eta, hortaz, museo pribatua. Bere diru-sarreren atal handi bat sarreretatik eta merchandising-etik dator, eta COVID-19aren krisiak gogor jo du jada ekonomikoki larri zebilen erakundea. Une honetan, 130 lanpostu galtzeko arriskuan daude, eta egoerari aurre egiteko proposamen bat bota dute kontseiluko zenbait partaidek: bildumako pieza ezagun eta oso baliagarri bat saltzea: Michelangeloren Taddei Tondo izenez ezagutzen den eskultura, irabaziekin lanpostuei eutsi ahal izateko.

Pieza mantentzearen aldekoek instituzioetan barneratuta dagoen ondarearen logikatik heldu diote museoen funtzioari, haien eginkizuna ondarearen babesa dela argudiatuz, eta ez bertan lan egiten duen jendearena. Jakina, esaldiaren azken parte hori ez dute ozen esan, baina esan gabe doa, printzipio hori dagoelako geure ondarearen ikuspegi materialistaren muinean.

Salduko duten edo ez jakitea baino gehiago, eztabaidari lotutako bi elementuren inguruan hitz egitea da garrantzitsua. Lehena, bizitzaren garrantzia inoiz baino gehiago azpimarratzen zaigun honetan, are agerikoagoa dela ondarearen logikan objektuaren babes materiala beste ezeren aurretik dagoela. Aspaldi kritikatu izan da museoek esfortzurik handiena bildumaren babesari eskaintzen diotela, batzuetan objektuak modu zentzugabean pilatuz (museo gehienek bildumaren %5 eta 10 artean dute erakusgai). Bitartean, aurreko krisitik kulturako langileen baldintzek okerrera egin dute. COVIDaren krisiak beste antolaera batzuetan pentsatzeko eta galdera berriak egiteko beharra ekarri digun honetan, bada garaia ondarearen behar materialak eta haiek zaindu, erakutsi, biziarazi eta komunikatzen dutenenak orekatzeko. Ondare bizia esamoldeak zentzua har dezan behingoz.

Bigarrenik, galdetu behar dugu zeinek eros dezakeen artea gaur egun. Espekulazio merkatua hain zoroa da, ezen instituzio publikoek gero eta ahalmen gutxiago duten artea erosteko, gizarteari iruzurra egin diotela sentitu gabe behintzat. Hortaz, arazoa ez da bakarrik saldu edo ez, baizik eta zeini. Kasu zehatz honetan, Erresuma Batuko Gobernuak erosiko balu pieza, National Galleryn jartzeko, adibidez, publikoak oraindik gozatu ahalko luke artelanaz. Baina egungo errealitatea da museoek ondarea saltzen badute bildumatzaile pribatuek ordaindu ahalko dutela preziorik altuena, eta ikusleentzako ondare hori galdu egingo dela. Beraz, pribatizazio estalian eror gaitezke erraz eta apenas konturatu gabe, eta tranpa hori saihesteko moduak ere asmatu beharko ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.