Haizea Barcenilla
BEGIZ

Ikusleria berrien beharra

2020ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Ezustekoa hartu nuen urtarrilean Guggenheimek Bilbo eta pintura izeneko erakusketa zabaldu eta uda osoan zehar erakusgai egongo zela entzutean. Oso gutxitan egin dio kasu museoak besarkatzen duen testuinguruari; eta gainera, landuko den garaia (XIX. mende bukaera eta XX.aren hasiera arteko hamarkadak) 200 metrora dagoen Arte Ederren Museoko bilduma eta erakusketaren oinarria da. Museo okerraren web orrialdea begiratzen ari nintzela pentsatu nuen une batez, baina ez: titaniozkoan izango da erakusketa.

Ondoren, IƱigo Astizen Zifrosiak badu txertorik? erreportajea irakurri nuen igandean. COVID-19aren eraginez ikusle kopuruak behera egin duen egoera honek kultura baloratzeko irizpide kuantitatiboak baztertzeko parada ekarriko ote duen galdetzen zien kazetariak hiru adituri, esparruaren aspaldiko aldarrikapena berreskuratuz. Hirurek zaila ikusten zuten kontua, eta bat nator haiekin; are, Bilbo eta pintura erakusketarekin gogoratu nintzen, publiko mota berriak erakartzeko asmoaren susmoa hartu bainion hasieratik.

Euskal Herriko museoen artean, Guggenheim da turismoaren beherakada gehien pairatu duena, hain zuzen, bisitarien zenbakietan turisten kopururik handiena duelako. Bilboko Arte Ederren Museoak, adibidez, badu hirian zein probintzian fidela den ikusleria, eta, aurten iaz baino bisitari gutxiago izango dituen arren, beherakada ez da proportzioan Guggenheimena bezain agerikoa izango. Azken horren diru-sarreren artean, gainera, tiketena atal garrantzitsua da, eta galera ez da soilik sinbolikoa; ekonomikoa ere bada.

Baliteke COVID-19ak dagoeneko susmatzen zen joera bat azkartu izana: Guggenheim efektua abiadura galtzen hasia zen, eta museoak ahalegin handiagoak egin behar zituen bere ikusle-markei eusteko. Atzerriko publikoa behera zihoan, eta aldiz, hirikoa zein estatutik asteburu baterako pintxoak jan eta museoa bisitatzera zetorrena, gora. Bilbotarren kasuan, nago arrazoi sozialek edukiak baino pisu handiagoa dutela museoa bisitatzeko orduan, baina, halere, beti da plazera euren hiria goratua ikustea, eta ordainduko dituzte hamazortzi euro Arte Ederren Museoan zazpirengatik ikusiko zutena titaniozko markoan txertatua miresteko. Turistak, aldiz, euskal berezitasun turistiko-erregionalak bilatzen ditu (folklore estandar apurra, txuleta eta txakolina), eta logika horrekin bat hobeto dator bertako irudi estereotipatuari lotzen zaion artea; arruetarrek poteoarekin Anni Albersek baino hobeto konbinatzen omen dute.

Ezkorregia naiz agian, baina erakusketa honetan publiko kopuruak ziurtatzeko nahia nagusitzen dela uste dut, artearen historiaren ikerketa berriak edo proposamen ausartak egitearen oso aurretik; horra behintzat COVID-19aren aurreko garaitik aldatu ez den zerbait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.